Athletic Club
Europa Liga
Athleticek nagusitasunez irabazi dio Partizani, eta lider jarri da
Mikel Dominguez | eitb.eus
Lan ona egin dute zurigorriek, eta Raul Garcia eta Beñaten golei esker, etxetik kanpoko lehenengo garaipena eskuratu dute.
Athleticek etxetik kanpoko lehenengo garaipena eskuratu du, oraingoan Europa Ligan, Partizanen aurka. Riazorren berdinketa lortu zuen talde bera zelairatuta, atezaina aldatuta, bide ona berreskuratu dute Europa Ligan. Bi golek, gainera, multzoko sailkapenean lehen postua eman diete.
Athletic markagailuan alde zabalagoarekin joan ahal izan da atsedenaldira, merezita gainera, baina ez ditu sortutako arrisku jokaldi guztiak behar bezala aprobetxatu. Lehenengoak Adurizen lanari esker izan dira. 8. Minutuan, ezkerretik, eta 15.ean, eskuinetik, baloi onak jarri ditu aurrelari gipuzkoarrak, baina Susaeta eta Williams ez dira ondo errematatzeko gai izan.
Zurigorriek ondo mugitu dute baloia, eroso eta nagusitasun teknikoa agerian utziz. Baloi-jabetza izan dute, eta azkar berreskuratu dituzte galdutako pilotak. Abagune argiena 19. minutuetan izan dute, Etxeitaren erremate on batean, buruz. Beñatek atera du kornerra, baina azkenean, Zivkovic atezainak urrundu egin du.
Ordu erdira, Aduriz gertu egon da lehenengoa sartzetik, eta soilik bi minutu geroago, De Marcosek eskuinetik egindako erdiraketa bikaina baliatu du Raul Garciak, buruz, eta baloia zutoinetik gertu sartu du. Athleticen lehenengo gola.
Zurigorriak zelaian markagailuan baino nagusiago zirela joan dira atsedelandira. 34.ean, izan ere, beste bat izan du Adurizek, baina atezainak kornerrera urrundu du. Partizanek bere aukera izan du atsedenaldia baino lehen, baina Zivkovic eskuin erdilariari kanpora joan zaio jaurtiketa.
Gidoia bigarren zatian errepikatu da. Athleticek ezin izan ditu nagusitasuna eta aukera ugariak aprobetxatu. Bigarren gola heldu den arte ezin garaipena ziurtzat eman, lana alde izan duen arren Ernesto Valverderen taldeak.
Partizanek, ordea, gora begiratzera behartuta ikusi du bere burua, eta aukera batzuk egin ahal izan ditu. Gutxi, baina. Fabricio izan da protagonista. Gola bere atean sartu du ia, baina hurrengo minutuetan bera izan da Athleticeko hesia zulatuz Iago Herrerini gola egitetik gertu egon dena.
Bilboko taldean, Williamsen baimenarekin, Beñat izan da protagonista. Areatik kanpo hainbat aukera izan ditu. 57.ean, serbiarren atezainak bikain luzatu ditu besoak bizkaitarraren baloi on bat kornerrera bidaltzeko. 69.ean, kanpora bidali du Igorrekoak, eta 85.ean gola lortu du, falta jaurtiketa eder batean.
6 punturekin, Serbiako taldearekin berdinduta dago Athletic, L Multzoko lehen postuan.
FITXA TEKNIKOA
Partizan: Zivko Zivkovic; Vulicevic, Ostojic, Fabricio, Lekovic; Nemanja Petrovic, Lukic, Ninkovic (Trujic, 84. min); Andrija Zivkovic, Stevanovic (Saponjic, 79. min); eta Bozhinov (Grbic, 64. min).
Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Elustondo, 90. min); Wiiliams (Bóveda, 85. min), Raul Garcia, Susaeta (Sabin, 55. min); eta Aduriz.
Goles: 0-1, 31. min: Raul Garcia. 0-2, 85. min: Beñat.