Athletic Club
Europa Liga
Hutsegiteek gogor zigortu dute Athletic Holandan (2-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Bilbotarrek ez dute AZ Alkmaaren aurka jokatutako partida galtzea merezi izan. Henriksenek eta Haspek egin dituzte holandarren golak eta Adurizek aldea murriztea lortu du, gol ederra sartuta.
Athletic esku-hutsik itzuli da Holanda aldetik, AZ Alkmaar taldearen aurka Europa Ligako multzoetako fasean 2-1 galdu ostean. Zuri-gorriek hutsegite nabarmenak egin eta garesti ordaindu dituzte. Aukera argiak sortu dituzte, baina azken metroetan kale egin dute.
Lehen zatian aukera garbiak izan dira bi taldeentzat, baina, golik sartu ez arren, zuri-gorriak izan dira nagusi. Lehen abisua Borja Viguerak eman du 12. minutuan, baina penalti puntutik egindako jaurtiketari erantzun ona eman dio Coutinho atezainak.
Hala ere, gola egiko aukerarik nabarmenena etxeko taldeak izan du. Rienstraren jaurtiketak langan jo du 29. minutuan. Arriskua ez da hor amaitu eta Gurpegik baloia gol-marratik atera behar izan du.
Erasok eta Aketxek izan dituzte ondoren aukerak, baina horiek ere huts egin dute errematatzerako orduan.
Atsedenaldiaren ostean, eta lehoiek izandako 10 minutu txarrak aprobetxatuta, Alkmaar 2 eta 0 aurreratu da markagailuan, aitaren batean. Lehen gola 54. Minutuan egin du Henriksenek, Athleticek erasoan egindako hutsari etekina aterata. Bizkaitarrak lekuz kanpo harrapatu dituzte.
Egoera ikusita, Valverdek eserlekuko jokalariak mugitu diti: Williams, Aduriz eta Raul Garcia zelairatu ditu, Aketxeren, Iturrasperen eta Kike Solaren ordez. Baina ez da nahikoa izan. 65. minutuan, Haspek arrisku gutxiko jaurtiketa egin du, baina baloiak Eneko Bovedaren gorputzean jo du eta Herrerinen atean sartu da. 2 eta 0.
Azken ahalegina
Azken txanpan Athleticek gora egin du, berdinketaren golaren bila. Aritz Adurizek itxaropenari eutsi dio, gol ederra sartuta, 75. minutuan. 83.ean, ustez penaltia egin diote Iñaki Williamsi, baina epaileak ez du ezer adierazi. Ondoren, aurrelari gaztea neurketa berdintzear izan da txilenaz egindako erremate baten bidez, baina baloia kanpora atera da, gutxigatik.
Azkenean, 2-1 AZ Alkmaar garaile. Talde holandarrak eta Athleticek hiruna puntu dauzkate L multzoko sailkapenean. Partizan da lider berria, 6 punturekin, gaur Augsburgi 1-3 irabazi ostean. Alemaniarrak, berriz, laugarren eta azken postuan dira, punturik gabe.
Fitxa teknikoa:
2 - AZ Alkmaar: Coutinho; Johansson, Gouweleeuw, Van der Linden, Haps; Rienstra, Van Overeem, Tankovic (Lukassen, 76. min), Henriksen; Dabney Souza (Haye, 87. min) eta Janssen (Jahanbakhsh, 78. min).
1 - Athletic: Iago Herrerín; Bóveda, Gurpegui, Laporte, Lekue; Iturraspe (Raúl García, 63. min), Mikel Rico; Aketxe (Williams, 57. min), Eraso, Viguera; eta Sola (Aduriz, 63. min).
Golak: 1-0, 55. min: Henriksen. 2-0, 65. min: Bovedak, bere atean. 2-1, 75. min: Aduriz.