Athletic Club
1-2
Athletic saririk gabe geratu da Real Madrilen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Benzemak egin du lehenengoa, Sabin Merinok berdindu du partida, eta frantziarrak sartu du bigarrena. Zuri-gorriek aurre egin diote Real Madrili, baina garesti ordaindu dituzte akatsak.
-
Athletic 1 - Real Madril 2 / EFE.
Athleticek ezin izan dio Real Madrili minik egin San Mamesen. Benzemak bikain aprobetxatu ditu zuri-gorrien akatsak bi gol egiteko, Real Madrili garaipena emateko eta, Bartzelonak Vigon galdu ondoren, taldea lider jartzeko.
19. minutuan egin du Benzemak lehenengoa, Iraizozen eta San Joseren akats bat baliatuz. Atzelariak baloia itzuli dio atezainari area bazterretik, Cristiano Ronaldoren presioaren eraginez, baina ez da konturatu aurrelari frantziarra gertu zegoela, eta honek aukera baliatu du baloia sareetara bidaltzeko.
Bigarrena ere egin du Benzemak, 70.ean, Iscoren erdiraketa on bat area barruan errematatuta. Isco bakarrik utzi dute, zuri-gorriek presioan huts egin ondoren, eta horren erdiraketa bikain errematatu du frantziarrak.
Lehenago, zuri-gorrien alde jarri dira kontuak. Laporteren eraso batek baloia utzi dio Susaetari, Athletic taldeko jokalari onenari, honek Sabin Merinori pasatu dio, maisuki, eta aurrelariak bikaian gainditu Keylor Navas.
Liga honetan hartu duen lehen gola izan da. Adurizek, baina, gaur ezin izan du Navasen aurka, zurien atea ondo gorde baitu Athleticen gainerako abaguneetan.
Benzemaren lehenengo golaren ostean, Real Madrilek aurrera jo du, eta estu hartu du Valverderen taldea, ordu laurden luze batez. Athleticek Sabin Merinoren eta Adurizen aukerekin erantzun dio.
Atsedenalditik bueltan, joan-etorriak izan dira nagusi, eta gora etorri da Athletic. Hala ere, Bilboko taldearen akatsaren ostean, zurien erreakzio azkarrak partida iraultzeko saiakera zapuztu du.
Emaitza horri esker, Real Madril lider jarri da, eta Athleticek sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du. Ligan orain arte jokatu dituen 5 partidetan, 15 puntu jarri dira jokoan, eta 3 baino ez ditu lortu.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose (Rico,7 2. min), Beñat (Sola, 84. min); Susaeta (Ibai, 78. min), Raul Garcia, Sabin Merino; eta Aduriz.
Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Pepe, Marcelo; Kovacic (Lucas Vazquez, 89. min), Kroos, Modric, Isco (Jese, 72. min); Cristiano Ronaldo eta Benzema (Casemiro, 80. min).
Golak: 0-1, 19. min: Benzema. 1-1, 67. min: Sabin Merino. 1-2, 70. min: Benzema.
. min: Benzema.