Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek Inter Baku gainditu du, erraz (2-0)

S.L | eitb.eus

Javier Erasok egin ditu partidako bi golak. Itzuliko partida hurrengo ostegunean jokatuko dute, Azerbaijanen.

5:46

Athleticek garaipen erraza lortu du Bakuko Interren aurka (2-0), San Mamesen jokatutako Europa Ligako hirugarren faseko joanekoan.

Neurketaren hasieran urduri aritu diren arren, zuri-gorriak erabat nagusi izan dira lehen zatian. Javier Erasok markagailua estreinatu du 11. minutuan, De Marcosek eskuinetik egindako erdiraketa baliatuta.

Athleticek sortu ditu arriskuko jokaldiak eta Inter Baku nekez hurbildu da Iago Herrerinek defendatutako ate inguruetara. Baloi luzeekin saiatu dira.

Atsedenaldira heltzeko ordu laurden baten faltan, Susaetak bigarrena egiteko parada izan du, baina jaurtiketa kanpora Joan zaio, oso gutxigatik.

Atsedenaldiaren ostean debuta egin du Elustondok zuri-gorrien elastikoarekin. Athleticen bigarren gola ere Erasok egin du, 48.ean (2-0). Susaetak ondo ikusi du Leganeseko jokalari ohia, eta atzetik etorrita sarea zulatu du. 53.ean, hirugarrena sartzeko zorian izan da Eraso.

57.ean Adurizentzat izan da abagunea, baina gipuzkoarrak gurutzatuegia jaurti du. Aritzek beste gol-aukera bat izan du lau minutu geroago, baina Inter Bakuko atezainak aldaratzea lortu du.

Bilbotarrek lanean jarraitu dute, 3-0ekoaren bila, baina ezin izan dute sarea berriro zulatu. Itzuliko norgehiagoka hurrengo ostegunean jokatuko dute, Azerbaijanen.

Fitxa teknikoa:

ATHLETIC CLUB: Herrerin; De Marcos, Balenziaga, Etxeita, Gurpegui; Iturraspe (Elustondo, 46'), Beñat, Eraso; Ibai (Aketxe, 70'), Susaeta (Viguera, 81') eta Aduriz.

INTER BAKU: Aghayev; Juanfran (Huseynov, 46'), Kasradze, Silva, Kvekveskiri; Hajiyev, Aliyev, Khizanishvili, Poljak (Fomenko, 46'), Qirtimov (Abdullayev, min.87) eta Bayramov.

GOLAK:

1 - 0, 12', Eraso.

2 - 0, 49', Eraso.