Itxi

Athletic Club

Porrota

Errege Kopak alde egin dio Athletici (1-3)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Bartzelona jaun eta jabe izan da Nou Camp zelaian, eta zuri-gorriek ezer gutxi egin ahal izan dute partida irabazteko. Iñaki Williamsek egin du bilbotarren gol bakarra.

6:25

Ametsa ezer-ezean geratu da. Athleticek galdu egin du Bartzelonaren aurka Nou Camp zelaian jokatutako Errege kopako finala. Kataluniarrak zuri-gorrien mamu bihurtu dira azken urteetako finaletan.

Lehen zatia kataluniarrena izan da, argi eta garbi, lehen minutuak kenduta. Izan ere, Valverderen taldeak oso ondo hasi du neurketa, partidan sartuta eta erasora beldur barik joanda. Lehen aukera 4. minutuan izan dute; Mikel Ricok baloia areara erdiratu du, eta Adurizek eta Williamsek ezin izan dute errematatu. Elkarri oztopo egin diote Athleticeko bi aurrelariek.

Handik gutxira, epaileak baliorik gabe utzi du Neymarrek egindako gola, ustez jokoz kanpo zegoelako. Zalantzazko erabakia izan da.

Pixkanaka-pixkanaka, bilbotarren erritmoa jaisten joan da eta gauzak erabat okertu dira 20. minutuan. Messik baloia hartu du, arean sartu da, Athleticeko lau jokalari atzean utzi ditu eta baloia Herreriren atean sartu du. Sekulako gola egin du argentinarrak, txapela kentzeko moduko jokaldia izan da. Ikaragarria.

Ondoren, Herrerinek kataluniarren bigarren gola saihestu du bi jokalditan, Neymarrek eta Piquek egindako errematei erantzun bikainak emanda. Bilbotarren artean onena izan da Herrerin lehen zatian.

Luis Enriqueren taldeak nahi bezala jokatu du, eta lehoiak ezinean aritu dira. Bihotzarekin jokatu dute, buruarekin jokatu beharrean. 36.ean Bartzelonak markagailuko aldea handitu du, Neymarrek egindako golari esker. Jokaldia, nola ez, Messik hasi du. Argentinarraren pasea Luis Suarezek hartu du, eta honek Neymarri utzi dio, gola sar dezan. Bartzelonako hirukotea zitala izan da, berriro ere.

Bilbotarrek sekulako aukera izan dute 40. minutuan. Iraolak pase bikaina egin du eta Iñaki Williamsek baloia area barruan boleaz jo du. Jaurtiketa, tamalez, langara joan zaio.

Atsedenaldiaren atarian, Messik aukera izan du zuzenean jaurtitako falta batean, baina Herrerinek, berriro ere, erantzun bikaina eman dio eta baloia urruntzea lortu du.

Athletic saiatu da

Bigarren zatian, Messik hirugarrena egin du, Athleticen defentsari aurrea maisuki hartuta. Dani Alvesek eman dio pasea.

Markagailuko aldea ikusita, Luis Enriqueren taldea lasaitu egin da. Gauzak horrela, Iñaki Williamsek gola egitea lortu du. 80. Minutuan izan da, Ibaik pasea eman dio eta aurrelari gazteak buruarekin jo du baloia, kataluniaren atean sartuz. Gol ederra egin du.

neymar athletic copa efe

Tentsioa

Partidako giroa nahastu egin da azlen minutuetan, eta jokalariak elkarri jotzear izan dira, Neymar brasildarrak egindako keinu batek Athleticeko jokalariak haserrarazi dituelako. Probokazioa izan da brasildarrak baloiarekin egindakoa.

Azkenean, Bartzelonak irabazi du kopa, merezita, jaun eta jabe izan baita zelaian. Azken minutua hunkigarria izan da, zale zuri-gorriak zutik jarri baitira "Athletic beti zurekin" oihukatuz, taldea agurtzeko.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Herrerín; Bustinza, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iraola (Susaeta, 57. min), San José, Beñat (Iturraspe, 74. min), Rico (Ibai, 74. min); Williams eta Aduriz.

3 - Bartzelona: Ter Stegen; Alves, Piqué, Mascherano, Alba (Mathieu, 77. min); Busquets, Iniesta (Xavi, 55. min), Rakitic; Messi, Suárez (Pedro, 77. min) eta Neymar.

Golak: 0-1, 20. min: Messi. 0-2, 36. min: Neymar. 0-3, 74. min: Messi. 1-3, 79. min: Williams.