Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek landutako berdinketa lortu du Vicente Calderonen

Mikel Dominguez | eitb.eus

Atletico Madrilen aurkako partida gogorra golik gabe bukatu da, etxekoek hiru sartu dituzten arren, jokoz kanpo egoteagatik baliogabetuta.

Athleticek, baja askorekin, puntu bat lortu du Atletico Madilen aurkako partida gogorretik, Vicente Calderonen. Iago Herrerin, Kike Sola, Williams eta Bustinza hasierako hamaikakoan egon dira.

Athletic azken partidetako zalantzak uxatzera zelairatu da, aurkari zail baten aurka. Atzeko lerroa sendo aritu da, eta goan abagune arriskutsuak sortu dituzte. Gogoak bestelakoak ziren, baita beharrezkoak ere Vicente Calderonen neurketa ona egin ahal izateko.

Intentsitate horrek ustekabean harrapatu du Atletico Madil. San Josek aukera argiena izan du 6. minutuan. Bakarrik errematatu du, buruz, eta baloia atetik gertu joan zaio kanpora. Lehen zatia orekatuta joan da bien artean.

Atleticoren ariena 19.ean heldu da. Raul Garciak arrisku handiarekin errematatu du Etxeitaren urrunketa bat. Baloia gutxigatik joan da kanpora. Atsedenaldia baino lehen, nafarrak korner bat errematatu du buruz, baina Iago Herrerinek harrapatu du.

Athleticek, ondo atzean, Atletico Madrili eutsi dio. Hala ere, koltxoneroek penalti bat eskatu dute, Etxeitak Torresi egina. Griezmannek, bestalde, barruan sartu du baloia, baina epaileak jokoz kanpo egoteagatik baliogabetu dio. Arratsaldeko lehenengoa.

Atsedenaltik bueltan, etxekoek intentsitatea handitu dute, eta Bilbokoak baino hobeak izan dira. Lehenengo ordu laurdena bere alde desorekatu du Atleticok, eta hutsune gehiago aurkitu ditu Athleticen zelaian. Raul Garcia, 50.ean gertu egon da gola sartzetik. Griezmannek sartu egin du, baina epaileak berriz baliogabetu du, jokoz kanpo egoteagatik. Horrek sutan jarri ditu zaleak. Arratsaldeko bigarrena.

Atleticok baloia izan du, baina Bilbokoek kontraerasoan erantzun dute, partida apur bat oreatu arte. Kike Solak kanpora bidali du baloia gutxigatik. Geroago, Iraola lesionatuta joan da. Usurbilgo jokalariaren azken minutuak Athleticen izan dira, agian.

70. minutuan, epaileak beste gol bat baliogabetu dio Atleticori. Aurrekoa bezala, marrazaina ez da zuzen ibili. Tiagoren gola legala zirudien, baina jokoz kanpo egoteagatik ez du baliorik izan. Arratsaldeko hirugarrena.

Atleticoren presioari eutsi dio Athleticek. Baloia gutxi izan du, eta izan duenean, ez du bukatzen jakin izan, Unai Lopezen erdiraketa batean bezala, 80. minutuan.

Emaitza balio handikoa zen, eta luze egin zaizkio azken minutuak. Mirandak luzapenean izan du aukera. Bustinzak ez du neurketa bukatu, bi txartel hori ikusi dituelako. Azkenean, saria izan du Athleticek. Zelaian gertatutakoa ikusita, puntu baliotsua eskuratu dute.

FITXA TEKNIKOA

Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Miranda, Godín, Siqueira; Raul Garcia (Arda Turan, 56. min), Gabi, Tiago (Saul, 87. min), Koke; Griezmann eta Torres (Mandzukic, 56. min).

Athletic: Iago Herrerin; Bustinza, Etxeita, Laporte, De Marcos; Iturraspe (Gurpegui, 84. min), San Jose, Mikel Rico; Iraola (Unai Lopez, 58. min), Kike Sola (Guillermo, 67. min) eta Williams.

eta Williams.