Athletic Club
Reala, hamar jokalarirekin
Bana bukatu dute Athleticek eta Realak San Mamesen
Mikel Dominguez | eitb.eus
Reala Athletic baino hobea izan da, hamaika zein hamar jokalarirekin. Adurizek egin du zuri-gorrien gola; De la Bellak, berdinketarena.
Reala Athletic baino hobea izan da lehenengo zatian, baina golik gabe bukatu dute biek. Lehenengo abagunea txuri-urdinena izan da, 6. minutuan, baita hurrengo gehienak ere. Athletic baino gorago, donostiarrak presioa egiten zelairatu dira. Derbiaren motibazioak aurreko partidetan baino irudi hobea emateko balio izan die Realeko jokalariei.
Erritmo bizia izan da, baina ez tentsioa. Kiroltasun handia egon da bi taldeen artean. Kolpe bakarra, Velak Gurpegiri buruz eman diona, nahi gabe. Gainerakoan, errespetuzko borroka zelaian.
Realak egin ditu aukera gehienak, Velaren urruneko jaurtiketen bidez, besteak beste. Gola lortzetik oso gertu egon da 28. minutuan, baina gora joan zaio gutxigatik, Iraizozen aurrean. Hobeto kokatuta egon da Reala, leku gehiago aurkitzen eta gutxiako eskaintzen. Gehiago iritsi da eta gehiago erdiratu du, baita jaurti ere, baina behin ere ez hiru zutoinen artean.
Athleticek arazoak izan ditu jokaldiak bukatzeko, eta akats gehiegi egin ditu. Baloia irabazteko borroka guztiak galdu ditu. Hala ere, abagune argiena Adurizena izan da, buruz, 13. minutuan. Rullik denboraldiko geldiketa egin du.
Bere tartea izan du Athleticek, eta arrisku gehiago sortu du, baina argitasun askorik gabe. Reala, baloiak galdu gabe, erosoago egon da lehenengo zatian. San Mames, hotz astearte gauean, golik gabe joan da atsedenaldira.
Penaltia eta kanporaketa
Gauzak aldatu egin dira bigarren zatian. Neurketako jokaldia 52. minutuan heldu da. Mikel Gonzalezek Adurizi egindako penalti bat adierazi du epaileak, eta txartel gorria erakutsi dio. Athleticeko aurrelari donostiarrak sarera bidali du baloia. Ondo dabil Athletic penalti jaurtiketetan denboraldi honetan.
Gertu egon da Aduriz bigarren gola egitetik, artazia eginez, baina gutxi iraun du etxekoen poza. De la Bellak, Ruben Pardoren pase bikain baten ostean, Iraizozen atean sartu du baloia, eta berdinketa jarri du markagailuan.
Azken hilabeteetako Realik onena erraz suspertu da, golari esker. Bat gehiagorekin aritu arren, Athleticek galduta jarraitu du zelaian, akats gehiegi eginda. Aurrean izan duen taldea ez da neurketa oparitzeko prest egon.
Goian bukatu dute Athleticekoek, baina ezintasuna nabaritu zaie. Realak ondo gorde du atea, baita kontraerasoak sortu ere. Zuri-gorriek ez dute nagusitasuna aprobetxatu, eta partidaren gidoi tristea jarraituz, zazpigarren posturako borrokan kale egin dute.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Rico, 77. min); Susaeta (Viguera, 72. min), Aketxe (De Marcos, 62. min), Williams; eta Aduriz.
Reala: Rulli; Carlos Martínez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Xabi Prieto, Bergara, Pardo, Chory Castro (Elustondo, 53. min); Zurutuza eta Vela (Canales, 77. min).
Golak: 1-0, 50. min: Aduriz, penaltiz. 1-1, 60. min: De la Bella.