Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Urrearen balioa duen berdinketa atera du Athleticek Turinen (2-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Iñaki Williamsek eta Carlos Gurpeguiren golek dena erabakitzeke utzi dute San Mamesen jokatuko den itzuleko partidari begira. Italiarren golak Maxi Lopezek egin ditu.

0:00

Athleticek urrezko berdinketa lortu du Turinen Torinoren aurka bina eginda, Herrerin eta Williams hasierako hamaikakoan atera diren partidan. Bizkaitarrak hobeto aritu dira bigarren zatian, eta hirugarrena sartzekotan ere izan dira.

Zuri-gorriek lehen zati txukuna egin dute, lehen minutuetan kokilduta ibili diren arren. Hala ere, zalantza guztiak 9. Minutuan uxatu ditu Iñaki Williamsek: Viguerak jokaldi ederra egin du ezkerreko aldetik, baloia areara bidali du eta Williamsek Pradelli gainditu du. Aurrelari gazteak lehen taldearekin egindako lehenengo gola izan da.

Williamsek berak beste aukera bat izan du handik gutxira bigarrena egiteko, baina gola italiarrek sartu dute azkenean.  Maxi Lopezek banakoa egin du Molinarok egindako erdiraketa eta Aurtenetxeren hutsa aprobetxatuta. 18. Minutuan izan da berdinketa.

Italiarrak oso seguru ibili dira lehen zati osoan, eta partidaren kontrola hartu dute. Ondorioz, arriskua sortu dute Herrerinen atearen inguruan. Gauzak horrela, 41. minutuan Maxi Lopezek aurretik jarri du Torino bere bigarren gola sartuta. Argentinarrak buruz errematatu du Darmianen erdiraketa bikaina.

Gurpegiren gola

Atsedenaldiaren ostean, Torinoren erritmoak zertxobait behera egin du eta bilbotarrek ondo probetxatu dute egoera gorago presioa egiteko eta sakontasun handiagorekin jokatzeko. Valverdek Gurpegui eta Iraola zelairatu ditu, Vigueraren eta Aurtenetxeren ordez. Nafarra izan da, hain zuzen, berdinketaren gola egin duena: Beñatek falta bat bikain atera du, eta Gurpegik atzerantza egindako burukada italiarren atean sartu da.

Ia 10 minutu geroago, jokaldi oso antzeko batean, Andosillako jokalariaren errematea langara joan da.

Azken minutuetan markagailua ez da mugitu, Athleticek ondo eutsi baitie italiarrei. Emaitza honen ondorioz, final-hamaseirenetarako kanporaketa San Mamesen erabakiko da, datorren ostegunean.

Fitxa teknikoa:

1 - Torino FC: Padelli; Maksimovic, Glik, Moretti; Darmián, El Kaddouri (Farnerud, 76. min), Gazzi, Benassi, Molinari; Maxi López (Amauri, 72. min) eta Martínez (Quagliarella, 57. min).

Entrenatzailea: Giampiero Ventura.

1 - Athletic: Herrerín; De Marcos, Etxeita, Laporte, Aurtenetxe (Iraola, 57. min); San José, Rico; Muniain, Beñat, Viguera (Gurpegui, 57. min); eta Williams (Sola, 72. min).

Entrenatzailea: Ernesto Valverde.

Golak: 0-1, 9. min; Williams. 1-1, 17. min: Maxi López. 2-1, 42. min: Maxi López. 2-2, 73. min: Gurpegui.

 

pegui.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic
  • Lezama