Athletic Club
Urrutiaren prentsaurrekoa
'R. Madrilek aintzat hartu du, bestela ez luke bertan jarraituko'
Erredakzioa
"Interesgarriak diren jokalarien berri izatea betebeharra da guretzat", esan du presidente zuri-gorriak Illarramendiri buruz galdetu diotenean.
Josu Urrutia Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du gaur Ibaiganen, eta taldearen gaurkotasuna aztertu du.
Mediapro
ETBk asteartean aurreratu zuenez, klubak urte baterako akordioa lortu du Mediaprorekin 39 milioi euroren truke. "Kontratua urte baterako da, hurrengo zuzendaritza batzordeak eskuak aske izan ditzan", esan du.
Illarramendi
Asier Illarramendirena izan da agerraldian gehien errepikatu den izena. Azken egunetan luze hitz egin da Real Madrileko jokalariaren ustezko fitxaketari buruz, baina Urrutiak ez du xehetasun askorik eman.
"Ezin ditugu elkarrizketa guztiak aipatu. Interesak zeintzuk diren badakit, hedabideenak ere. Interesgarriak diren jokalarien berri izatea betebeharra da guretzat. Real Madrilek aintzat hartu du jokalaria, bestela ez luke bertan jarraituko", esan du Realeko jokalari ohiari buruz.
"Ez dira beharrezkoak ziren baldintzak eman hainbat jokalariren irteera gauzatu ahal izateko", adierazi du.
Kontratu berritzeak
"Gurpegi eta Iraolarekin duela hilabete batzuk hitz egin genuen, baina presarik ez dute eta une honetan taldearen egunerokotasunean dute jarrita arreta osoa", adierazi du zuri-gorrien presidenteak.
Taldea
"Taldeak ez du Ligan ahal zuen maila eman, baina, dena den, puntu gehiago merezi izan ditu. Hiru talde baino ez gaude hiru txapelketetan: Bartzelona, Vila-real eta gu geu".
Ordutegien inguruan galdetu diotenean, Urrutiak honakoa esan du: "Gure ezinegona erakutsi dugu, baina, hala ere, ez da erraza ordutegi guztiak egokitzea".
Errege Kopako finalerdiei buruz baikor eta itxaropentsu agertu da presidentea: "San Mamesen giro ona espero dut, finalerako txartela pauso bakarrera baino ez dugu", aitortu du.
San Mames
"Urtean zehar zelaiaren bilakaera ikusi behako dugu, badakigu jende asko busti zela. Kezkatuta gaude. Iparraldeko aldea itxi behar dugu, tornuak hobetu, igogailuak...Gure bazkideak ahalik eta ondoen egoteko lan egin behar dugu".
Hauteskundeak
"Ez dut hauteskundeei buruz hitz egingo, data jarri eta gure hautagaitza aurkeztu genuen, besterik ez", gaineratu du.