Athletic Club
Akordioa
Gorka Iraizozek kontratua luzatu du Athleticekin, 2016 arte
Erredakzioa
Atezainaren, Adurizen eta Balenziagaren kontratuak luzatuta, gaur egun Andoni Iraola eta Carlos Gurpegui dira kontratua ekainaren 30an bukatzen duten lehen taldeko jokalari bakarrak.
Gorka Iraizoz atezainak Athleticekin duen kontratua luzatu du, 2016. urtera arte. Gainera, kontratu hori urtebetez ?luzatzeko aukera? du. Etete klausula 36 milioi euroan da, Athleticek berak aditzera emandakoaren arabera.
Iraizozek 34 urte egingo ditu martxoaren 6an eta 314 partida ofizial jokatu ditu talde zuri-gorrian eman dituen zortzi denboraldietan. Ondorioz, bilbotarrekin neurketa gehien jokatu dituzen hirugarren atezaina da, Jose Angel Iribarren (614) eta Carmelo Cedrunen (402) atzetik.
Nafarraren kontratu luzapena azken asteetan Urrutiaren zuzendaritzak egindako hirugarrena da. Urtarrilaren 7an, Aritz Adurizek eta Mikel Balenziagak ere euren kontratuak luzatu zituzten: donostiarrak, 2016arte; Zumarragakoak, 2019 arte.
Gauzak horrela, gaur egun, Andoni Iraola eta Carlos Gurpegui dira kontratua ekainaren 30an bukatzen duten lehen taldeko jokalari bakarrak.