Itxi

Athletic Club

Porrota

Athletic, maldan behera Vila-realen (2-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Marcelinoren taldea hobeto aritu da 2. zatian, Cheryshevek atsedenaldiaren atarian sartutako golari esker. Bilbotarrek ausart jokatu dute, baina huts nabarmenak eginda. Bigarren gola Brunok egin du.

1:19

Athletic galtzaile atera da Madrigalen Vila-realen aurka jokatutako partidan (2-0). Zuri-gorriek aurreko partidetan baino itxura hobea eman dute, gola egiteko aukerak izan dituzte, baina etxeko taldea izanda golak egin dituena.

Lehen zati orekatua jokatu dute bi taldeek, baina gutxitan iritsi dira atezainen inguruetara, Talde zuri-gorria ausart aritu da, baina noizbehinka akats nabarmenak eginda.

Neurketako lehen aukera argia Aritz Adurizek eduki du. Donostiarrak errematea egin du penalti puntutik, baina Asenjo azkar aritu da eta baloia urruntzea lortu du. Vila-realek erantzuna 17. Minutuan izan da, Viettok jaurtiketa egin du, bakar-bakarrik, Iraizozen aurrean, baina bilbotarren atezainak baloia urruntzea lortu du. Argentinarra amesgaiztoa izan da Athleticen atzelarientzat.

Bilbotarrek presioa egin dute aurreko aldean, eta Marcelinoren taldea, aldiz, kontraerasoan aritu da. Unai Lopez, titularra gaurkoan, gola sartzear izan da 39. minutuan, De Marcosen erdiraketa buruz errematatuz, baina errematea kanpora joan zaio.

Handik hiru minutura, 42.ean, gola egin du Vila-realek. Cheryshevek zuri-gorrien atzekaldeko hutsunea aprobetxatu du, eta, kontrol ikaragarria eginda, baloia zuri-gorrien atean sartu du, baloia gurutzatu eta Iraizoz gaindituta.

Bigarren zatiaren hasieran ere errusiarra izan da protagonista, sekulako aukera izan du bigarren gola egiteko, baina burukada kanpora joan zaio, zutoina laztanduta.

55. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Uchek egindako gola, jokalaria jokoz kanpo zegoelako. Athleticek sendotasuna galdu du bigarren zatian, eta kontrola ere falta izan zaio. Nahi eta ezin ibili dira bilbotarrak.

65.ean, Mikel Ricok langara desbideratu du Uchek korner baten ondoren egindako jaurtiketa. Valverdek Williams eta Iturraspe sartu ditu Viguera eta Ricoren ordez, baina gauzak ez dira aldatu. Geroago Ibai sartu du, Unai Lopez gaztearen ordez.

Penaltia eta bigarren gola

Williamsek aukera pare bat izan ditu, eta Cheryshevek beste bat, Vila-realen bigarren golaren aurretik. De Marcosek baloia eskuarekin ukitu du area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Bruno kapitainak jaurti eta Iraizoz gainditu du. 2 eta 0, amaierarako zortzi minuturen faltan.

Azkenean, Vila-realek eraman ditu jokoan zeuden hiru puntuak, merezita. Valverderen gizonek burua altxa ezinda jarraitzen dute.

Fitxa teknikoa:

2 – Vila-real: Asenjo; Mario, Gabriel, Víctor Ruiz, Jaume Costa; Jonathan dos Santos (Moi Gómez, 80. min), Pina, Bruno, Cheryshev; Uche (Giovani, 67. min) eta Vietto (Gerard Moreno, 81. min).

0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Rico (Iturraspe, 66. min), Susaeta, Unai López (Ibai, 75. min); Viguera (Williams, 66. min) eta Aduriz.

Golak: 1-0. 41. min: Cheryshev. 2-0. 82. min: Bruno, penaltiz.

runo, penaltiz.