Athletic Club
Errege kopa
Viguerak final-zortzirenetan jarri du Athletic
Leire Etxazarra | eitb.eus
Zuri-gorriak 1 eta 0 gailendu zaizkio Alcoyanori, ezer gutxi eginda, eta final-zortzirenetan dira lehen zatian sartutako golari esker. Celta izango dute huirrengo aurkaria.
Athleticek aurrera egin du Errege Kopan Alcoyano kaleratuta, baina ezer gutxi eginda. Bilbotarrak 1 eta o gailendu dira, baina ez dira gai izan Alacanteko taldea baino gehiago dela argi uzteko. Alcoyanok ere ez du meritu handirik egin eta ez du zuri-gorrien geldotasuna aprobetxatu.
Celta izango da bizkaitarren aurkaria final-zortzirenetan.
Ezer gutxi erakutsi du Athleticek lehen zatian. Alcoyano oso ondo kokatuta egon da berdegunean, eta Valverderen gizonek lanak izan dituzte baloia eta jokoa kontrolpean hartzeko.
Zuri-gorrien entrenatzaileak ondorengo hamaikakoa atera du: Iago Herrerin, De Marcos, San José, Laporte, Balenziaga, Iturraspe, Beñat, Susaeta, Ibai, Viguera eta Guillermo.
Lehen 20 minutuak aukera garbirik gabe joan dira. Hortik aurrera, bilbotarrek presioa areagotu dute eta zenbait aukera sortu dituzte, batez ere Susaetak eskumatik egindako erdiraketen bidez. Baina Guillermo eta Viguera ez dira oso fin ibili.
38. minutuan iritsi da Athleticen gola. Susaetak baloi bikaina sartu du Alcoyanoko atzelarien artean eta Viguerak etekina atera dio baloia ate barruan sartuz, inolako oztoporik gabe.
Bigarren zati eskasa
Atsedenaldiaren ostean, Athletic erabat motel aritu da: abiadurarik ez eta joko guztia diagonalean oinarritu dute, inolako bizitasunik gabe. Bigarren gola ezinbestekoa zuten Alcoyanori azken kolpea emateko, baina aurrean ideiarik gabe aritu dira, eta azkenean sufritzen amaitu dute.
San Josek buruz egindako erremate bat izan da bigarren zati osoan Athleticek eduki duen aukera garbiena, eta bakarrenetarikoa. Valverdek Aduriz zelairatu du amaierarako 15 minuturen faltan, Guillermoren ordez, baina donostiarraren irteerak ere ez du taldea piztu.
Azken minutuak luze eta agonia batean joan dira. Bukaeran, onena, markagailua, 1-0. Eta final-zortzirenetarako txartela poltsikoan dute bilbotarrek.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Herrerín; De Marcos, San José, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Beñat (Rico, 66. min); Susaeta, Viguera (Muniain, 66. min), Ibai; eta Guillermo (Aduriz, 77. min).
0 - Alcoyano: Zabal; Carles, César, Mario, Oscar López, Navarro; Alfaro (Javi Rubio, 57. min), Julio de Dios, Rubén Ramos, Bello (Devesa, 71. min); eta Israel (Francis Ferrón, 46. min).
Golak: 1-0, 38. min: Viguera.