Athletic Club
2-1 Porton
Athletici asko zaildu zaio Txapeldunen Liga
Erredakzioa
Valverderen taldeak ez du gaizki jokatu, baina ezin izan du punturik lortu. Quaresmak sartu du garaipenaren gola, 74. minutuan.
Athleticek porrota jaso du Porto taldearen aurka jokatutako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partidan (2-1). Valverderen taldeak ez du gaizki jokatu, baina ez da punturik lortzeko gai izan. Asko zaildu zaio Txapeldunen Liga Athletici.
Zuri-gorrien hasiera ahula izan da, intentsitaterik gabekoa. Portugaldarrak ziren berdegunean nagusi, eta 6. minutuan gola egiteko zorian izan da Martins Indi. Susaetaren akatsa baliatu du Casemirok baloia berreskuratzeko, Indiri eman dio eta honen errematea desbideratuta irten da. 10.ean Etxeitak urrundu du arriskua Athleticen arean, eta 17.ean Quinteroren jaurtiketa gelditu du Gorka Iraizozek.
19.ean Indik Adurizi egindako penaltia eskatu du talde bilbotarrak, baina epaileak "legezko karga" baino ez du ikusi. Zalantzazko erabakia. Sei minutu geroago 0-1ekoa egiteko abagunea izan du San Josek. Gipuzkoarrak urrutititk egindako jaurtiketak zutoinean jo du. Aukerarik onena. Eta jarraian, Indiren eta Adurizen arteko antzeko jokaldian, Laporteren penaltia eskatu dute Lopeteguiren gizonek.
De Marcosek Portoren gola saihestu du 30.ean. Tello eskuinetik sartu da, Martinezi utzi dio, baina De Marcos agertu da baloia aldaratzeko. Zazpi minutu geroago, Guillermo ez da etxekoen arean geldirik geratutako baloia ondo errematatzeko gai izan, eta 38.ean gutxigatik ez du Danilok gola egin. Telloren pasea bikaina izan da, baina brasildarrak kanpora bidali du.
Atsedenaldira heldu aurretik, 44. minutuan, portugaldarren gola egin du Herrerak (1-0). Jacksonek mexikarrari eman dio baloia, eta honek ez du kale egin. Zaplaztekoa.
Atsedenaldiaren ostean, Beñat eta Muniain zelairatu dira Adurizen eta San Joseren ordez. Quintero bigarren zatia hasi eta berehala saiatu da, baina Iraizozek ondo atera ditu ukabilak. 50.ean banakoarena egiteko parada izan du Guillermok, baina gehiegi eskoratu da eta Fabiano atezainak baloia aldaratu du.
Baina gazteak ez du 57.ean huts egin eta Maicon nagusitasunez gainditu eta gero, neurketa berdindu du (1-1). Bi taldeak ari ziren aurkariaren ate ingurura arriSkuarekin hurbiltzen, eta 67. minutuan Muniain saiatu da, baina nafarrari gurutzatuegia atera zaio.
Amaierara heltzeko hamabost minuturen faltan, Portoren bigarren gola egin du Quaresmak, Athleticen akatsa aprobetxatuta. De Marcosek huts egin du, jokalari portugaldarrak jaurti eta Iraizozi baloiak eskuetatik ihes egin dio. Laportek gol aukera ederra izan du 83.ean. Beñatek ateratako falta batean, buruz errematatu du atzelariak, baina erdira eta atezainaren eskuetara. 90.ean hirugarrena barkatu du Martinezek.
Fitxa teknikoa:
2 - Porto: Fabiano; Danilo, Maicon, Martins Indi, Alex Sandro; Casemiro (Quaresma, 71'), Hector Herrera; Brahimi, Quintero (Ruben Neves, 64'), Tello (Oliver Torres, 81'); eta Jackson Martinez.
1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose (Beñat, 46'), Iturraspe; Guillermo, Rico (Gurpegui, 72'), Susaeta; eta Aduriz (Muniain, 46').
Golak:
1-0, 45': Herrera.
1-1, 58': Guillermo.
2-1, 75': Quaresma.
3.jardunaldiko emaitzak:
BATE 0 Shaktar 7
Porto 2 Athletic 1
H multzoko sailkapena:
1. Porto 7
2. Shakthar Donetsk 5
3. BATE Borisov 3
4. Athletic Club 1