Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Puntu banaketa, San Mameseko derbi kaskarrean

L.E. | eitb.eus

Athletic eta Eibar ez dira golik sartzeko gai izan, eta partida hutsean amaitu da. Armaginak serio aritu dira, eta zuri-gorriak, aldiz, ezinean.

  • Balenziaga eta Boveda. Efe.

Beste puntu bat Eibarrentzat, eta beste kolpe bat Athleticentzat. Horixe da San Mameseko derbian gertatutakoaren laburpena. Zuri-gorriak motel ibili dira, ezinean, gipuzkoarren jarrera serioaren ondorioz.

Bi entrenatzaileek aldaketak egin dituzte hasierako hamaikakoetan: Valverdek Iraola eta Viguera zelairatu ditu hasieratik; Garitanok, aldiz, bost aldaketa egin ditu.

Lehen zatian ez da gol aukera garbirik izan. Armaginak hobeto hasi dira, zelaian oso ondo kokatuta, eta Bovedak eskuinaldetik egindako jokaldiekin arriskua sortuz. Baina errematatzerakoan asmatzea falta izan zaie.

Athletici asko kosta zaio zuloak aurkitzea eta Eibarren presia gainditzea. Gipuzkoarrak asko estutu dituzte zurigorriak, zelai erdian batez ere.

Lehen ordu erdia bete ostean egin dute gora zuri-gorriek, jokoaren kontrola apurka-apurka hartuta. Hala ere, etekin gutxi atera diote egoerari; Laporteren jaurtiketa desbideratua eta Adurizen burukada bat, langa gainetik, izan dira aipatzeko aukera ia bakarrak.

Bigarren zatia

Atsedenaldiaren ostean izan ditu Athleticek partidako bere aukerarik onenak: Viguerak kanpora bidali du baloia, buruz, 50. minutuan, Iruretaren aurrean bakar-bakarrik zegoela. Adurizek, berriz, lehen gola sartzear izan da buelat erdian egindako jaurtiketan, baina Iruretak eskua atera eta baloia urruntzea lortu du.

Jabetza bilbotarrena izan da, baina partidaren kontrola gipuzkoarrek izan dute momentu guztietan. Garitanoren gizonak kontraerasoan atera dira, azkar, baina azken metroetan huts egin dute.

Bukaeran, golik ez eta puntu banaketa. Eibarrek beste puntu bat lortu du, zortzigarrena. Athleticek, berriz, krisitik atera ezinik jarraitzen du: ez jokorik, ezta golik ere.