Athletic Club
Porrot mingarria
Zaplaztekoa jaso du Athleticek Vallecasen (2-1)
Erredakzioa
Baptistaok 90. minutuan sartutako golari esker lortu du garaipena Paco Jemezen taldeak. Markagailua Adurizek estreinatu du, 21. minutuan, baina puntuak Madrilen geratu dira.
-
Rayo-Athletic. Argazkia: EFE
Athleticek porrot mingarria jaso du Rayo Vallecanoren aurka, Vallecasen jokatutako partidan (2-1). Markagailuan aurreratu eta gero, Iraizozen hutsegite bat aprobetxatuta lortu du partida berdintzea Rayok, eta garaipenaren gola 90.ean egin du Baptistaok.
Jokoa nahiko parekatua izan da lehen zatian. Etxekoena izan da lehen jokaldi arriskutsua, baina Laportek aldaratu egin du baloia, kornerrera. 8. minutuan, Muniain eta Beñat saiatu dira, baina ez dute elkar ulertu. 11. minutuan, geldikako jokaldi batean, aurkaria ezustean hartzen ahalegindu da Athletic, baina hori ere ez du gauzatu.
Valverderen taldeak 21. minutuan estreinatu du markagailua (0-1). Jokaldi on batean, Beñatek De Marcosi eman dio baloia, eta Aritz Adurizek errematatu du gasteiztarraren erdiraketa. Cristian Alvarezek ezin izan du gola saihesteko ezer egin.
Rayok atsedenaldira heldu aurretik berdindu du norgehiagoka, Iraizozen akatsa baliatuta. Licak eskuinetik erdiratu du, atezain zuri-gorriari gorputz azpitik ihes egin dio baloiak, eta Baptistaok banakoaren egin du.
Bigarren zatia hasi eta berehala, 50. minutuan, markagailuan aurretik jartzeko abagune paregabe izan du Rayok. Iraizoz, baina, erabakigarria izan da. Atezainak Licaren jaurtiketa urrundu du, aldaratzea Kakutari heldu zaio, baina frantziarrak kanpora bidali du baloia.
Rayo indartsuago zelairatu da bigarren zatian, eta talde zuri-gorria presionatu egin du. Hala ere, arriskua sortzen jarraitu dute bilbotarrek, eta gutxigatik ez du Adurizek gola sartu 63.ean. De Marcosek erdiratu, aurrelari donostiarrak buruz errematatu du eta Toñok geldiketa ona egin du.
70.ean, etxekoek izan dute gola sartzeko abagunea. Licak ezin izan du Insuaren erdiraketa errematatu, Balenziagak baloia "orraztu" baitu, baina aukera oso ona zen. Garaipenaren gola 90. minutuan egin du Baptistaok. Iraizozek Leoren aurreneko jaurtiketa aldaratu du, baina ezin izan du bigarrena gelditu.
Bilbotarrek Eibar hartuko dute larunbat honetan San Mamesen (22:00). Hitzordu garrantzitsua izango da Athleticentzat, garaipena beharrezkoa baitute.
Fitxa teknikoa:
2 - Rayo Vallecano: Cristian Alvarez (Toño, 46'); Quini (Tito, 27'), Ze Castro, Ba, Insua; Trashorras, Baena; Lica (Manucho, 79'), Bueno, Kakuta; eta Leo.
1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico (Toquero, 90'), Beñat; Susaeta (Viguera, 60'), Aduriz eta Muniain (Guillermo, 81').
Golak:
0-1: Aduriz (20. min).
1-1: Leo Baptistao (38. min).
2-1: Leo Baptistao (89. min).