Athletic Club
Adierazpenak
Valverde: 'Inork ez du esan erraza izango denik'
Erredakzioa
Athleticeko entrenatzaileak Shakhtar Donetsken aurka lortutako puntua 'ondo sufrituta' lortu dutela esan du. Aurkarien entrenatzailearen arabera, emaitza 'bidezkoa' izan da.
-
Valverde, aulkian Shakhtarren aurka / EFE.
Multzoen faseko lehen partidan Shakhtar Donetsken aurka San Mamesen lortutako puntua "ondo sufrituta" lortu dutela esan du Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak: "Inork ez du esan erraza izango denik".
"Ondo sufritutako puntua izan da guretzat, baita eurentzat ere. Ezin izan dugu San Mamesen egiten dugun jokoa egin, oso aurkari gogorra eta azkarra izan dugulako aurrean. Txapeldunen Ligan puntu bakoitza lehiatu behar dela ikusteko balio digu", esan du Valverdek.
Athletic entrenatzen duenetik "zailtasun gehien" jarri dion aurkaria Shakhtar izan dela esan du Valverdek.
Portok BATEri sartutako sei golei buruz, berriz, "hasteko, beldurra ematen du", esan du bilbotarren entrenatzaileak.
Mircea Lucescu Shakhtar taldeko entrenatzailearen arabera, berdinketa "bidezkoa" izan da: "Pozik nago, guk ez dugulako Athleticena bezain Liga gogorrean jokatzen. Mundu guztiak daki Ukrainan zein baldintzatan entrenatzen garen, eta San Mames bezalako zelai paregabe batekoak bezalako zalerik ez dugula. Hor Athleticek abantaila izan du".