Athletic Club
BBVA Liga
Athleticek 19 garaipen ditu, 1984ko Ligatik egindako markarik onena
Erredakzioa
Liga amaierarako hiru jardunaldiren faltan, zuri-gorriek 65 puntu dituzte, 1995-96 denboraldian garaipenak hiru punturekin saritzeko sistema jarri zenetik lortutako emaitzarik onena berdinduta.
-
Athletici hiru jardunaldi geratzen zaizkio aurtengo Liga bukatzeko. Efe.
Athleticek orain arteko 35 Liga jardunaldietan lortutako 19 garaipenak 1984ko Liga irabazi zutenetik lortutako markarik onena dira. Orduan 20 garaipen eta 9 berdinketa erdietsi zituen, 34 jardunalditan.
Igandean Sevillari 3-1 gailendu eta sailkapeneko laugarren postua ia ziurtatuta, talde bizkaitarrak Joanquin Caparrosekin 2010-2011 denboraldian lortutako 18 garaipenak gainditu ditu.
Horrez gain, historiako laugarren markarik onena lortu dute, 1983-84, 1955-56 eta 1982-83 denboraldietan lortutakoen atzetik. Orduan 22 garaipen lortu zituzten, eta denboraldi guztietan Liga txapelketa irabazi zuten.
Athleticek marka horien hobetzeko aukera ere badu, izan ere, oraindik hiru jardunaldi geratzen dira 2013-2014 Liga amaitzeko: Rayo Vallecano (ostiralean, Madrilen), Reala (San Mamesen) eta Almeria (kanpoan) izango dira bizkaitarren aurkariak.
Ernesto Valverderen taldeak 65 puntu ditu, 1995-96 denboraldian garaipenak hiru punturekin saritzeko sistema jarri zenetik lortutako emaitzarik onena berdinduta.
1997-1998 denboraldian izan zen hori. Athleticek 17 garaipen eta 14 berdinketa erdietsi zituen orduan eta Ligako azpitxapelduna izan zen, Bartzelonaren atzetik (9 puntura). Orduan ere Txapeldunen Ligarako txartela lortu zuten; orain arte jokatu duten edizio bakarra.