Itxi

Athletic Club

2020ko Eurokopako egoitza

San Mames 2020ko Eurokopa hartzeko hautagaia da

Mikel Dominguez

Athleticeko zelaia aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioak Europako selekzioen txapelketan hamahiru egoitzetako bat izateko.

  • Michel Platini, UEFAko presidentea, San Mamesen / EFE.

    Michel Platini, UEFAko presidentea, San Mamesen / EFE.

San Mames aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioak 2020ko Eurokopa hartzeko hautagai bezala. 19 aukeratatik hautatuko ditu orain UEFAk Europako txapelketan parte hartuko duten selekzioek jokatuko duten 13 zelaiak.

Ostiralean bukatu zen hautagaitzak aurkezteko epea. Frantzia eta Turkia azken momentuan atzera bota ziren. Espainiako Federazioak Bilbo aukeratu zuen azkenean, Madrilen aurretik. La Peinetako zelaia zuen Espainiako hiriburuak. Hiri bakarra aurkeztu du federazio bakoitzak.

Bilboz gain, federazioek aurkeztutako beste aukeren berri eman du UEFAk: Azerbaijan (Baku), Bielorrusia (Minsk), Belgika (Brusela), Bulgaria (Sofia), Danimarka (Kopenhague), Ingalaterra (Londres), Mazedonia (Skopje), Alemania (Munich), Hungaria (Budapest), Israel (Jerusalem), Italia (Erroma), Herbehereak (Amsterdam), Irlandako Errepublika (Dublin), Errumania (Bukarest), Errusia (San Petersburgo), Eskozia (Glasgow), Suedia (Stockholm) eta Gales (Cardiff). Irailaren 19an iragarriko ditu UEFAk aukeratutako hiriak.

FORMATUA

"Eurokoparen 60. urteurrena berezia izango da, Europa osoan jokatuko delako lehenengo aldiz", esan du Michel Platinik, UEFAko presidenteak.

Neurketak 13 paketetan banatuko dira, bakoitza hiri batean: hamabi pakete estandar, taldekako faseko hiru partidarekin eta kanporaketetako bat (final-zortzirenak edo laurdenak), eta beste pakete bat finalerdiak eta finalarekin. Londres eta Munich azken pakete hori hartzeko hautagaiak dira.

POLEMIKA

Bilbao hautatzen badute eta euskal selekzioak 2020ko Eurokopan parte hartzen ez badu, Espainiakoa etxeko taldea bezala jokatuko du San Mamesen. Aukera horrek polemika politikoa sortu zuen hautagaitza aurkeztearen inguruan.