Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athleticek galdu egin du Bartzelonan, eta Sevilla 3 puntura dago jada

Erredakzioa

Bilbotarrak aurreratu egin dira Aritz Adurizek egindako golari esker, baina Pedrok eta Messik bi minutuan irauli dute markagailua.

1:36

Athletic galtzaile atera da Camp Noun Bartzelonaren aurka jokatutako partidan. Ondorioz, Sevilla hiru puntura jarri da eta bi taldeek datorren asteburuan San Mamesen jokatu beharreko norgehiagokak final kutsua hartu du. Txapeldunen Ligarako borroka gori-gorian da.

Valverderen gizonak ondo kokatuta atera dira zelaira, eta Bartzelona, partida lehenbailehen erabakita utzi eta azken egunetako emaitza txarrak ahazteko gogoz.

Iraizozek etxeko taldea aurretik jartzea saihestu du lehen ordu erdian, batez ere Messik eta Pedrok izandako aukerei ondo erantzunda. Athleticeko atezainak partida borobila jokatu du.

Zuri-gorriek ere gola egiteko aukerak izan dituzte; aipagarriena, Adurizek txilenaz egindako jaurtiketa ikusgarria, baina baloiak zutoinean jo du. Susaetak jarraian egindako jaurtiketa Pinto atezainak urrundu du, eskuarekin.

Gezurra bazirudien ere, bi taldeak golik egin gabe iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatian iritsi da zurigorriak aurretik jarri dituen gola. Aritz Adurizek egin du, bere bolada onari eutsita, 50. minutuan.

Minutu gutxi batzuk geroago, epaileak baliorik gabe utzi du Susaetak egindako gola, zalantza handiko jokoz kanpokoa adierazita. Bizkaitarren bigarren gola zitekeen.

aduriz gol barcelona athletic efe

Bartzelonak partida irauli du

Athleticek ez du asmatu partida erabakita uzteko orduan, eta Bartzelona bezalako taldeek ez dute barkatzen. Gauzak horrela, Pedrok 72. minutuan eta Messik 74.ean markagailua irauli dute.

Amaiera arte gol aukera gehiago izan dituzte bi taldeek, baina emaitza ez da aldatu. Sevillak Granadan lortutako garaipenaren ondorioz, andaluziarrak hiru puntura jarri dira. Zuri-gorriek eta Unai Emeryren taldeak datorren asteburuan neurtuko dituzte indarrak San Mamesen, Txapeldunen Liga jokatzeko borrokan. Final kutsua izango du norgehiagoka horrek.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Pinto; Alves, Mascherano, Bartra, Adriano, Song, Xavi (Cesc, 70. min), Iniesta, Alexis (Tello, 86. min), Messi eta Pedro.

1 - Athletic: Gorka; De Marcos, San José, Laporte, Balenziaga, Iturraspe (Beñat, 83. min), Erik Moran (Mikel Rico, 64. min), Ander Herrera, Susaeta (Toquero, 85. min), Muniain eta Aduriz.

Golak: 0-1, 50. min: Aduriz. 1-1, 72. min: Pedro. 2-1, 75. min: Messi.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic Club