Itxi

Athletic Club

Levanteren aurka

Athleticek sendo jarraitzen du, Adurizen golei esker (1-2)

Erredakzioa

Eroso jokatu dute zuri-gorriek lehen zatian, eta 0-2 aurreratu dira, baina bigarrenean azken unera arte saiatu da Levante eta, azkenean, sufritutako garaipena erdietsi du Athleticek.

1:39

Athleticek garrantzi handiko garaipena eskuratu du Levanteren etxean, eta sendo jarraitzen du sailkapen nagusiko laugarren postuan. Aritz Adurizek sartu ditu zuri-gorrien bi golak.

Eroso jokatu du Ernesto Valverderen taldeak lehen zatian. 11. minutuan, markagailua estreinatzeko aukera paregabea izan du Mikel San Josek. Estrada Fernandezek Juanfranek Muniaini egindako penaltia adierazi du, baina atzelari zuri-gorriak kanpora bidali du baloia, Keylor Navasek defendatutako atearen ezkerretik.

Baina hiru minutu geroago, Athletic aurreratu du Aritz Adurizek zorioneko jokaldi batean. Donostiarraren jaurtiketak Simaon jo du, eta marra gainditu du Levantaren atezaina erabat nahastuz. 18.ean bilbotarren bigarrena egiteko zorian izan da Iker Muniain.

Ondo ari zen Athletic, eta Caparrosen Levante, sufritzen. 27. minutuan Mikel Rico lesionatu da Victor Casadesusek egin dion sarrera beldurgarriaren ondorioz. Erik Moran zelairatu da bizkaitarraren ordez.

Bilbotarrek bigarren gola nahi zuten, eta atsedenaldirako minutu baten faltan sartu dute, 44.ean. Aritz Adurizek bikain errematatu du, buruz, Ander Herreraren erdiraketa dotorea (0-2).

Levantek ez du amore eman, eta atsedenaldiaren ostean goitik behera aldatu da norgehiagoka. Baloiaren jabetza Caparrosen gizonena zen, eta gola erdietsi arte dena eman dute. 65. minutuan, Ruben Garciak erdiratu du, eta Mikel San Josek bere atean sartu du (1-2).

75.ean Athleticen hirugarren gola saihestu du Keylor Navasek. Bigarren zutoinera erdiraketa, Muniainek buruz errematatu du, baina Costa Ricako atezainak ondo defendatu du bere atea.

81.ean Adurizentzat izan da gol-aukera: Beñaten pase ona, eta aurrelariak gutxigatik ez du Keylos Navas goitik gainditu. Hala ere, sufritzen bukatu du Athleticek neurketa.

Fitxa teknikoa:

1 - Levante: Keylor Navas, Vyntra (Pedro Lopez, 46'), Rodas, Juanfran, El Adoua, Diop (Sergio Pinto, 46'), Simao, Xumetra (Baba, 75'), Victor, Ruben Garcia eta Barral.

2 - Athletic Club: Iraizoz, De Marcos, Etxeita, San Jose, Balenziaga, Iturraspe, Mikel Rico (Erik Moran, 31'), Susaeta (Toquero, 85'), Ander Herrera (Beñat, 79'), Muniain eta Aduriz.

Golak:

0-1, 15': Aduriz.

0-2, 45': Aduriz.

1-2, 66': San Josek, bere atean.