Athletic Club
San Mamesen
Athletic ez da liderra mendean hartzeko gai izan (1-2)
Erredakzioa
Intentsitate handiko neurketa izan da, eta etxekoak azken unera arte saiatu dira, baina garaipena Atleticok eskuratu du Diego Costaren eta Kokeren golekin.
Athleticek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka (1-2) San Mamesen jokatutako 31. jardunaldiko partidan. Muniainek estreinatu du markagailua, baina Diego Costaren eta Kokeren golekin garaipena eskuratu dute Simeonerenek.
Intentsitate handiko lehen zatia jokatu dute madrildarrek eta bizkaitarrek. Berehala jarri zaio partida maldan gora etxeko taldeari, Iker Muniainek gola sartu baitu 5. minutuan (1-0). Mikel San Joseren pase luzea izan da, Adurizek gehiago luzatu du, eta nafarrak goitik gainditu du Courtois, kalitate handiko jokaldian.
Kostata ari zen Atletico etxekoek ezarritako erritmoari eusten, baina 12. minutuan Diego Costaren aurreneko abisua heldu da. Jokalaria bakarrik geratu da Gorka Iraizozen aurrean, baina atezain nafarrak baloia aldaratzea lortu du. 9 minutu geroago, 21.ean, neurketa berdindu du Costak berak Iturrasperen akatsa baliatuta. Atzelariaren pasea Sosak moztu du, baloia Costari erori zaio eta San Jose atzen utzi eta gero sarea zulatu du (1-1).
Atsedenaldira heldu aurretik bigarren gola sartzeko aukera bana izan dute talde biek. 34. ean Atleticoren bigarrena egiteko zorian izan da Raul Garcia, eta 35.ean Susaetarentzat izan da aukera, buruz.
Bigarren zatia
Bigarren zatia hasi eta berehala, gutxigatik ez du Diego Costak bigarren gola egin. Zutoinetik gertu atera da baloia. Ia jarraian Diego Costa izan da berriro ere jokaldiaren protagonista. Athleticen area barruan zen aurrelaria, eta bat-batean lurrera erori eta Laporteren penaltia eskatu du. Epaileak ez du ezer adierazi, baina irudien arabera atzelari zuri-gorriak falta egin dio Costari.
51.ean, 2-1ekoa egiteko abagune ederra izan du De Marcosek, baina arabarrak ez dio baloiari ondo eman, eta gora bidali du. 56.ean Kokek Atletico aurreratu du (1-2): Filipe Luisek erdiratu du, eta Kokek buruz sartu du gola.
Golak konfiantza eman dio Simeoneren taldeari, eta partida kontrolatzea erdietsi du. Amaierarako hamar minutaren faltan, 2-2koa saihestu du Courtoisek. Toquerok bigarren zutoinera erdiratu du, eta Adurizen burukada kornerrera urrundu du Belgikako atezainak.
Valverderen taldeak hamarrekin bukatu du partida, Laporteri bigarren horia erakutsi baitio Teixeira Vitienesek. Jokaldi berean okertu egin da epailea, ez diolako Atleticori abantailaren legea eman Cebolla Iraizozen aurrean bakarrik geratzen ari zenean. Azken unera arte saiatu da Athletic, baina garaipena Atleticorentzat izan da azkenean.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Beñat, 82'), De Marcos (Toquero, 77'); Susaeta (Guillermo, 71'), Aduriz eta Muniain.
2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe Luis; Koke, Gabi, Mario, Sosa (Arda Turan, 56'); Raul Garcia (Cristian Rodriguez, 82') eta Diego Costa (Villa, 90').
Golak:
1-0, 6': Muniain.
1-1, 22': Diego Costa.
1-2, 55': Koke.