Athletic Club
Getaferen aurka
Athleticek laugarren postua sendotu du
Erredakzioa
Zurikorriek abagune asko izan dituzte, baina gol bakar baten aldearekin irabazi diote Getaferi (1-0), Markel Susaetaren gol bikainari esker.
Athleticek Getaferi irabazi dio San Mamesen (1-0), Susaetaren gol bikainari esker, eta laugarren postuan indartsu egin da, 55 punturekin. Athleticek nagusitasun handiarekin hasi zuen partida, Getafe atzean geratzen zen bitartean. Abisua eman zuen Mikel Ricok 5. minutuan, baina atezainak baloia harrapatu zion. Hiru minutu geroago, Susaetak probatu zuen atezaina, arrakastarik gabe.
Athleticen abaguneek eta Getaferen atearen kontrako saiakera ugariek lehenengo zati osoa bete zuten. Guillermo, Adurizen ordez hasierako hamaikakoan, bi aukera garbi izan zituen, buruz 17.ean eta kanpora joan zitzaion baloi bat, 22.ean.
Sammir izan zen, bi aldiz, Athleticen bakarrizketa apurtzen ahalegindu zen bakarra. 39. minutuan heldu zen gola. Susaetak baloi bikaina sartu zuen, estrategia jokaldi batean.
Lehenengo zatiko azken minutuetan aukera gehiago izan zituen Athleticek. Ander Herrera, adibidez, urrunetik saiatu zen. Markagailuan eta jokoan nabarmen aurretik joan zen Athletic atsedenaldira. Albiste txar bakarra Gurpegiren lesioa izan zen, azken momentuan. San Josek ordezkatu zuen.
Bigarren zatian, beste bat sartzeko asmo argiarekin atera ziren zuri-gorriak, eta Getafek ez zuen erreakziorik sortu. 55. minutuan, gola sartu zuen Guillermok, baina jokoz kanpo, eta markagailua ez zen mugitu.
Getafe guztiz desagertu zen, eta erasoan jarraitu zuen Athleticek. Askotan salbatu zuen Codinak bere taldea. Susaetari eta Laporteri egindako geldiketetan, adibidez.
Kanpoko taldea apur bat suspertu zen, bukaerara gol bakarreko aldearekin iristen ari zela ikusita. Athleticek presioa berreskuratu eta bigarrena sartzeko zorian egon zen. Mikel Ricok, adibidez, jokaldi bikaina egin zuen 79. minutuan, baina ezin izan zuen ondo bukatu. Hurrengo jokaldian, Toquerok izan zuen aukera. Getafek ere berdindu ahal izan zuen, baina azkenean zurigorriek hiru puntuak eskuratu zituzten. Athleticek laugarren postua sendotu du, bederatzi jardunaldi geratzen direla.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui (San José, 46. min), Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico; Susaeta (De Marcos, 83. min), Herrera, Muniain; eta Guillermo (Toquero, 62. min).
Getafe: Codina; Valera, Lisandro, Alexis, Rafa; Borja (Michel 69. min), Mosquera (Lacen, 46. min); Pedro León, Sammir (Colunga, 59. min), Lafita; eta Ciprian.
Gola: 1-0, 40. min: Susaeta.