Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athleticek urrezko puntua atera du Madrigalen (1-1)

Leire Etxazarra | eitb.com

Ernesto Valverderen mutilek partida kaskarra egin dute Vila-realen aurka: penalti bat huts egin dute, eta jokalari bat gehiagorekin jokatu izana ere ez dute aprobetxatu. Adurizek egin du gola.

0:24

Athleticek puntu bat atera du Madrigal futbol zelaian, Vila-realen aurka jokatutako partidan 1-1eko emaitza lortuta. Zuri-gorriek gol aukera oso gutxi sortu dituzte, eta Marcelinoren taldea gehiago izan da, nahiz eta azken minutuetan 10 jokalarirekin jokatu duten.

Athletic ez da ondo aritu lehen zatian. Bilbotarrak estu eta larri ibili dira, Vila-realen presioari nola aurre egin asmatu barik. Datu esanguratsua: lehen 30 minutuetan, zuri-gorriek ez dute etxekoen atera behin ere jaurti, ezta kornerrik atera ere.

Ordurako, Vila-realek bi aukera garbi izan ditu, baina Giovanik eta Oliverrek ez dute Iraizozen atea zulatzen asmatu. Giovanik berak bigarren aukera oso argia izan du 37. minutuan, baina zuzenean egindako falta jaurtiketa kanpora joan zaio zutoinaren ondotik, gutxigatik.

38. minutuan bi aukera argi izan dituzte bizkaitarrek. Lehenengoan, Asenjok barrura zihoan Herreraren jaurtiketa alderatzea lortu du. Ondoren, epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi du Vila-realeko jokalari batek baloia eskuz area barruan ukitu ostean. Adurizek jaurti du penaltia, eskas, eta Asenjok igarri egin dio.

Vila-realen gola

Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da etxekoen gola. Oliverrek jokaldia egin du eta horren erdiraketa Athleticen atean sartu du Pinak.

Bizkaitarrak ideiarik gabe aritu dira.; Muniainek eta Herrerak ezin izan dute jokoa antolatu, Vila-realen presioaren eraginez. 65. minutuan, hala ere, etxekoak 10 jokalarirekin geratu dira epaileak Gabrieli bigarren txartel horia atera baitio. Vila-realek, baina, ez du amore eman, eta ondo babestu du emaitza, 83. minutuan berdinketa iritsi den arte: Adurizek gol ederra egin du buruz, Iturrasperen erdiraketa bikaina aprobetxatuta.

Azkenean, 1-1eko emaitza Madrigalen. Zuri-gorriek sendo jarraitzen dute laugarren postuan, puntu bat gehiago lortuta.

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Asenjo; Mario, Musacchio, Gabriel, Jokic; Óliver Torres (Jaume Costa, 74. min), Bruno, Pina, Cani (Aquino, 60. min); Giovani eta Uche (Pantic, 66. min).

1 - Athletic: Iraizoz; De Marcos (Iraola, 75. min), Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico (Toquero, 71. min); Susaeta, Ander Herrera (Beñat, 80. min), Muniain; eta Aduriz.

Golak: 1-0. 47. min: Pina. 1-1. 83. min: Aduriz.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic Club