Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Landutako puntua atera du Athleticek Mestallan (1-1)

Leire Etxazarra | eitb.com

Zuri-gorriek partida txukuna egin dute Valentziaren aurka. Galtzen hasi dira, baina Adurizek berdinketa lortu du bigarren zatian, Ander Herrerari egindako penalti eztabaidagarria sartuta.

  • Balenziaga eta Alcácer Valentziako golegilea. Efe.

    Balenziaga eta Alcácer Valentziako golegilea. Efe.

Athleticek landutako puntua lortu du Valentziaren aurka, Mestallan jokatutako partidan. Puntu garrantzitsua, gainera, kontuan izanda Valentzian irabazteko arazo handiak izan ohi dituztela bizkaitarrek azken denboraldietan.

Partida sei minutuko atzerapenarekin hasi da, argindarra birritan eten delako. Lehen zati bizia izan da; talde biak ondo kokatuta izan dira berdegunean eta hiru puntuak lortzeko asmo sendoa agertu dute hasiera-hasieratik.

Adurizek eman du zuri-gorrien lehen abisua, lehen minutuan. Herreraren erdiraketa ez du behar bezala aprobetxatu eta baloia desbideratuta atera zaio, atezainaren aurrean bakarrik zegoela. Herrerak berak izan du aukera handik minutu batzuetara, baina bere jaurtiketa gogorrak zutoina jo du.

Baina lehen gola etxeko taldeak lortu du. Alcacerrek egin du, jokaldi eztabaidagarri batean (Feghoulik jokoz kanpo jaso du baloia pasea eman aurretik). Mikel Ricok berdinketa egiteko aukera izan du atsedenaldiaren atarian.

Zalantzazko penaltia Herrerari

Ernesto Valverderen gizonek ez dute amore eman eta haien ahaleginek saria izan dute. Fernandez Borbalan epaileak penalti zorrotza eta zalantzazkoa adierazi du Ander Herrera area barruan erori denean. Adurizek jaurti eta berdinketa lortu du 53. minutuan.

Partidako azken ordu erdian valentziarrak izan dira nagusi, baina Pizziren gizonei kosta egin zaie benetako arriskua sortzea, Athleticek ondo itxi baititu zulo guztiak. Keitak eta Parejok izan dituzte aukera garbienak, baina ez dute asmatu. Azkenean, bidezko berdinketa Mestallan.

Fitxa teknikoa:

1 - Valentzia: Diego Alves, Joao Pereira, Senderos, Mathieu, Bernat, Parejo, Keita, Feghouli, Jonas (Vargas, 74. min), Fede (Javi Fuego, 85. min) eta Alcácer.

1 - Athletic: Iraizoz, De Marcos (Iraola, 59. min), Gurpegui, Laporte, Balenziaga, Ander Herrera, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta (Guillermo, 89. min), Muniain eta Aduriz (Toquero, 83. min).

Golak: 1-0, 23. min: Paco Alcácer. 1-1, 53. min: Aduriz, penaltiz.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic Club