Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Ander Iturraspe: 'Konfiantza osoa daukat epaileengan'

Erredakzioa

Zenbait hedabidek berari eta Gurpegiri egindako kritikei dagokienez, "futbolaren parte" direla uste du Athleticeko jokalariak.

  • Iturraspe eta Ronaldo, San Mamesen jokatutako patidan. Efe.

    Iturraspe eta Ronaldo, San Mamesen jokatutako patidan. Efe.

Ander Iturraspe Athleticeko jokalaria Ayza Gamez epaileari San Mamesen hartutako erabakien ondorioz ustez jarriko dioten zigorraz aritu da. Iturrasperen ustez, zigor horrek "ez du eraginik izango" epaileen etorkizuneko jardunean.

Hedabide batzuen arabera, Epaileen Batzorde Teknikoak hilabeteko zigorra jarri lekioke Ayza Gamezi San Mamesen egindako lanagatik. Iturraspek ez du horren eta Ronaldoren hiru partidako zigorraren inguruan iritzia eman nahi izan.

"Epailea profesionala da, eta ikusten duena adieraziko du. Horixe bera egiten jarraituko dute, ez da arazorik egongo. Kontrakoa egiteari profesionaltasun falta deritzot, eta, alde horretatik, konfiantza osoa daukat epaileengan", esan du jokalari bizkaitarrak.

Kritikak "futbolaren parte" dira

Zenbait hedabidek berari eta Gurpegiri egindako kritikei dagokienez, "futbolaren parte" direla uste du Athleticeko jokalariak. Bai Iturraspek, bai Gurpegik, ika-mikak izan zituzten Cristiano Ronaldorekin.

"Kritikek ez naute kezkatzen. Baina Gurpegiri egindakoak larriagoak dira, bestelako kutsu bat dutelako. Tristea da", azpimarratu du zuri-gorriak, nafarrari 2006 eta 2008 artean dopinagatik jarritako zigorrari erreferentzia eginda.