Athletic Club
Final-laurdenak
Kopari agur esan dio Athleticek, San Mamesen (1-2)
J.B.
Ernesto Valverderen gizonek ezin izan dute joaneko 1-0ekoa irauli, eta euren aurreneko norgehiagoka galdu dute San Mames berrian.
Athleticek Errege Kopari agur esan behar izan dio, eta gainera, zuri-gorriek aurreneko norgehiagoka galdu dute San Mames berrian (1-2). Atletico Madrilek finalerdietarako txartela lortu du, eta Real Madril izango da Diego Simeoneren gizonen hurrengo aurkaria. Adurizek 1-0ekoa jarri du lehenengo zatian, baina Raul Garciak eta Diego Costak kanporaketa erabaki dute atsedenaldiaren ostean.
Herrerinek gelditu erabakigarria egin du norgehiagokako lehenengo minutuan, Diego Costaren jaurtiketa ederki desbideratu baitu atezain bizkaitarrak. Atletico Madril bere area barruan sartu da, eta Ernesto Valverderen gizonek aise agindu dute berdegunean. Adurizek izan du zuri-gorrien aurreneko abagunea, baina Courtoisek kornerrera desbideratu du baloia. Bilboko taldea nagusi izan da, baina Atleticok ederki babestu du bere atea.
Bizkaiko taldea erasoan murgildu da, eta Simeoneren gizonak defentsan sufritzen hasi dira, pixkanaka. 32. minutuan, Muniainek abagune ona izan du, baina Courtois adi egon da, eta baloia belgikarraren eskuetara joan da. Mikel Ricok ere aukera argia izan du, 37. minutuan, baina Arrigorriagakoak gehiegi gurutzatu du baloia. Raul Garciak erantzuna eman du, Athleticen arean, baina nafarraren errematea zutoin ondotik kanpora joan da.
Hala ere, Aritz Adurizek 1-0ekoa jarri du markagailuan, 41. minutuan, eta bilbotarrek kanporaketa berdindu dute horrela. Atsedenaldia heldu aurretik, Athleticek beste bi gol gehiago lortzeko aukera argiak izan ditu, baina Thibaut Courtoisek bi gelditu ikusgarri egin ditu.
Simeoneren gizonek erritmoa bizitu egin dute bigarren zatian, eta Herrerinek gol marratik atera behar izan du baloia Madrilgo taldearen abagune argienean, 48. minutuan. Hala ere, Atleticok sakatzen jarraitu du, eta Raul Garciak 1-1ekoa jarri du markagailuan 54. minutuan.
Bilboko taldeak erasoan gogor sakatu du, baina Atletico Madril ondo itxi da atzealdean. Ander Herrerak zuri-gorrien bigarren gola eskuratzeko aukera argia izan du eskuin hegaletik, baina Courtoisek beste gelditu erabakigarri bat egin du. Azkeneko minutuetan, Athleticek asko arriskatu du, eta Diego Costak 1-2koa jarri du kontraeraso bat ederki aprobetxatuta 85. minutuan.
- Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Herrerin; Iraola, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Ibai, 65. minutuan); Susaeta (Sola, 72. minutuan), Herrera (Beñat, 78. minutuan), Muniain; eta Aduriz.
2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe Luis (Insua, 13. minutuan); Adrian (Sosa, 79. minutuan), Gabi, Koke, Cristian Rodriguez; Raul Garcia eta Diego Costa (Alderweireld, 90. minutuan).
Golak: 1-0, 42. minutuan: Aduriz. 1-1, 54. minutuan: Raul Garcia. 1-2, 85. minutuan: Diego Costa.