Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athleticek sufrituta irabazi dio Rayori San Mamesen (2-1)

Erredakzioa

Madrildarrak azken segundora arte ibili dira jo eta ke erasoan berdinketaren bila, baina ahaleginari etekinik atera gabe. San Josek eta Mikel Ricok egin dituzte zuri-gorrien bi golak.

2:19

Athleticek sendo jarraitzen du Txapeldunen Ligako postuetan, Rayori San Mamesen 2 eta 1 irabazi eta gero. Madrildarrek itxura ona eman dute Bilbon, baina BBVA Ligako jaitsiera postuetan jarraituko dute.

Erritmo biziko neurketa izan da, tentsio handikoa zenbait unetan; azken minutuak, batez ere, zoroak izan dira.

Partidako lehen gola Athleticek egin du 32. minutuan. Susaetak kornerra atera du eta baloiak Toqueroren besoan jo ostean San Joseren ingurura iritsi da. Nafarrak bigarren ahaleginean lortu du baloia Rayoren atean sartzea.

San Josek aurtengo ligan sartzen duen laugarren gola da gaurkoa, eta azken urteetan liga txapelketan gol gehien egin dituzten atzelarien artean dago.

Bigarren zatia Adrianek egindako jaurtiketa ikusgarriarekin hasi da, baina, bilbotarren mesederako, Iraizozek erantzun bikaina eman dio. Pixkanaka-pixkanaka, Rayok hobera egin du eta hobekuntza horrek eragin zuzena izan du markagailuan.

Buenok egin du berdinketaren gola: San Josek eta Iraizozek huts egin dute atzeko aldean, Vierak bigarren zutoinera erdiratu eta Rayoko aurrelariak baloia sarera bidali du, vaselina polita eginda.

Hala ere, pozak ez dio asko iraun Vallecaseko taldeari, izan ere, Valverderen gizonek bost minutu bakarrik behar izan dituzte berriro aurretik jartzeko: Muniainek eta Ibaik jokaldi polita egin dute, Ruben atezainaren arean nahasmena sortu da, Adurizek ezin izan du baloia errematatu baina Mikel Ricori utzi dio eta honek ez du barkatu. 2 eta 1, 66. minutuan.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, San José, Balenziaga; Iturraspe, Rico; Susaeta, Herrera (Ibai, 65. min), Muniain (Beñat, 78. min); y Toquero (Aduriz, 65. min).

1 - Rayo: Ruben; Tito, Gálvez, Ze Castro (Trashorras, 81. min), Mojica; Lass, Saúl, Adrián, Perea (Nery Castillo, 73. min); Bueno y Jonathan Viera.

Golak: 1-0, 32. min: San José. 1-1, 61. min: Bueno. 2-1, 66. min: Rico.