Athletic Club
Errege Kopa
Defentsako akats batek aldapan gora jarri dio kanporaketa Athletici
L.E. | eitb.com
Zuri-gorriek aukera garbiak barkatu dituzte lehen zatian eta bigarrenean Celtaren menpe egon dira. Kanporaketa San Mamesen irauli beharko dute Vigon 1 eta 0 galdu ostean.
Athleticek gehiegi barkatu du Balaidosen eta garesti ordaindu ditu Hereje Kopako final hamaseirenetako joaneko partidan egindako hutsak. Lehen zati ona jokatu dute, gola egiteko aukerak sortu dituzte, baina bigarren zatian kaskar aritu dira eta partida Celtari oparitu diote.
Lehen minutuetan zalantzak izan dira nagusi bi taldeetan, baina lehen aukera Athleticena izan da: Gaizka Toquerok ezkerretik egindako erdiraketak Muniainek errematatu area txikian, baina gehiegi gurutzatuta atera zaio.
Argiagoa izan da 20. minutuan izandako aukera bikoitza: Sergio atezainak erantzun bikaina eman die Herrerak lehenengo eta Muniainek jarraian egindako jaurtiketei.
Baloiaren jabetza zuri-gorriena izan da, eta horrek min handia egin die galiziarrei; arazo handiak izan dituzte Herrerinen inguruetara iristeko.
Luis Enriqueren gizonen lehenego aukera 27. minutuan iritsi da, Orellana txiletarrak urrutitik egindako jaurtiketarekin, baina baloia kanpora joan da, zutoinaren ondo-ondotik.
Lehen zatiko aukerarik argiena Mikel San Josek izan du. Athleticek falta atera, nafarrak kontrol bikaina egin baina jaurtiketan huts egin du errazena Celtaren atean sartzea zela zirudienean.
Atsedenaldirako lau minuturen faltan izan du Celtak bere aukerarik onena: bilbotarren atzelariek huts nabarmena egin dute eta Santi Mina bakar-bakarrik geratu da Herrerinen aurrean, baina Athleticen atezaina azkar atera da eta errematea saihestu du.
Bigarren zatian, gaizki
Atsedenaldiaren ostean, gauzak okerrera egin dute. Celtak gogo eta bizitasun handiagoa agertu du erasoan, eta galiziarrenak izan dira aukerarik onenak eta jokoaren kontrola.
Athleticen zelai erdia desagertu egin da: baloi guztiak Vigokoen hanketan amaitu dute, eta Aduriz eta De Marcos zelaian sartu diren arren, gauzak ez dira aldatu.
Muniainek bi aukera on izan ditu Celtak gola egin aurretik. Galiziarrak Gurpegik defentsan egindako huts ikaragarriaren ondorioz aurreratu dira markagailuan. Santi Minak egin du gola, 71. minutuan.
San Josek buruz berdinketa egiteko aukera izan du 89. minutuan, baina zuri-gorriak ezinean aritu dira.
Azkenean, 1 eta 0 Celtaren alde. Athleticek kanporaketari buelta eman beharko dio abenduaren 19an, San Mamesen.
Fitxa teknikoa:
1 - Vigoko Celta: Sergio Álvarez; Hugo Mallo, Cabral, David Costas (Jonathan Vila, 64. min), Jonny; Krohn-Dehli, Alex López; Rafinha (Madinda, 68. min); Orellana (Bermejo, 77. min), Nolito y Santi Mina.
0 - Athletic: Herrerín, Iraola, Gurpegui, San José, Balenziaga; Iturraspe, Mikel Rico; Susaeta (Ibai, 66. min), Ander Herrera (De Marcos, 76. min), Muniain; Toquero (Aduriz, 76. min).
Golak: 1-0 Santi Mina, 71. min.