Itxi

Athletic Club

1977tik 1982ra, presidente

Jesus Mari Duñabeitia Athleticeko presidente ohia hil da

Erredakzioa

Duñabeitia 1977tik 1982ra arte Athleticeko presidentea izan zen.

  • Jesus Mari Duñabeitia. Argazkia: EFE

    Jesus Mari Duñabeitia. Argazkia: EFE

Jesus Mari Duñabeitia Beti Athleticeko presidente ohia hil da gaur, Bilboko taldeak jakitera eman duenez. 1977tik 1982ra arte talde zurigorriko presidentea izan zen.

Gainera, Eusko Alderdi Jeltzalea ordezkatzen Bilboko alkatea izan zen 1990tik 1991ra arte, Jose Maria Gorordok kargua utzi eta gero.

Duñabeitia (Bilbo, 1937) 1977ko maiatzaren 24an Athleticeko presidente izendatu zuten. Ignacio de la Sotari gailendu zitzaion 13 botoren aldearekin. Bazkide konpromisarioek soilik zuten bozkatzeko eskubidea garai hartan.

Sistema horrekin aukeratu zuten azken presidentea izan zen; izan ere, gutxi geroago bazkide guztiak deitu zituen Duñabeitiak, eta bazkide zurigorriek karguan berretsi zuten.

Bere agintaldian gertakari historikoak jaso ziren: ikurriña aurreneko aldiz altxatu zuten San Mamesen, 1977ko abuztuaren 8an; futbol-zelaia birmoldatu zuten 1982ko Munduko Txapelketa hartzeko, eta emakumeei bazkide bihurtzeko aukera eman zieten.

Agintaldiko azken denboraldian (1981-1982) entrenatzaile gisa Javier Clementeren aldeko apustua egin zuen Duñabeitiak. Pedro Aurtenetxe presidente zela bi liga eskuratu zituen Clementek (1982-1983 eta 1983-1984), eta baita 1984ko Errege Kopa ere.