Itxi

Athletic Club

Liga hasiera ona

Athletic eta Reala, Europa Ligako postuetan

A.B.

Bi euskal taldeak BBVA Ligako sailkapenaren goialdean daude. Zuri-gorriak bosgarren postuan daude Txapeldunen Ligako postuetatik puntu bakarrera, eta txuri-urdinak seigarren postuan daude.

  • Athletic eta Reala. Argazkia: EFE

    Athleticek eta Realak iragan denboraldian jokatu zuten derbiko irudia. Argazkia: EFE

Athletic eta Reala denboraldi hasiera ona egiten ari dira, eta horren ondorioz, bi taldeak Europa Ligako postuetan daude. Bi euskal talde hauek ondo ekin diote BBVA Ligako 2013-2014. denboraldiari.

Talde bizkaitarra bosgarren sailkatua da, eta puntu bakarrera du Txapeldunen Ligako postuan (laugarren) dagoen Vila-real. Gainera, zuri-gorriek 2-0 irabazi zioten Vila-reali San Mamesen, eta, momentuz, averagea alde du Athleticek. Valverdek zuzentzen duen taldeak ez du partidarik galdu San Mamesen. Etxean jokatu dituen sei partidetan lau garaipen eta bi berdinketa lortu ditu. Bigarren jardunaldian Anoetan jokatu zuen Athleticek etxeko talde moduan, eta derbia irabazi egin zion Osasunari. Etxetik kanpoko partidetan, ordea, Athleticek badauka zer hobetu. Etxetik kanpo jokatutako norgehiagoketan, lau partida galdu eta hiru irabazi dituzte zuri-gorriek.

Realak zalantza askorekin hasi zuen denboraldia. Txapeldunen Liga jokatzeak zalantzak eragin zituen taldean, baina jardunaldiak aurrera joan ahala, taldeak hobera egin du. Anoetan porrot bakarra jaso du Realak, beste lau partida irabazi egin ditu, eta bi norgehiagoka berdindu ditu. Etxetik kanpo jokatu dituen partidetan, talde txuri-urdinak bi garaipen, hiru berdinketa eta hiru porrot jaso ditu.

Argi dago bi euskal talde hauek denboraldi hasiera ona egiten ari direla, eta zaleek amets egiteko baimena dutela, bi taldeek hobera egingo dutela uste baita.