Athletic Club
Alderdi guztiak, ados
Athleticek astelehenetan ez jokatzea eskatu du Bilboko Udalak
Erredakzioa
Ostalariak kexu direla eta partiden ordutegien ondorioz San Mamesera joaten diren haurren kopurua "oso txikia" dela argudiatu dute.
-
Alderdi guztiak ados agertu dira eskaerarekin. Efe.
Athleticek astelehenetan partida gehiago ez jokatzeko eskatu dio Futboleko Liga Profesionalari Bilboko Udaleko udalbatzak. Zuri-gorriek asteburutan jokatzea nahi du Udalak, orain arteko partida gehienak astelehenetan jokatu ondoren.
Eskaera PSE-EEk aurkeztu du eta aho batez onartu dute, EAJk, PPk eta EH Bilduk aldeko botoa eman baitute.
Alfonso Gil PSE-EEko bozeramaileak ostalariek egindako kexuak aipatu ditu, eta, ordutegiaren ondorioz (astelehenetan, 22:00etan) norgehiagoketara "haur oso gutxi" joaten direla azpimarratu du.
Hala ere, zinegotzi sozialista onartu egin du Udalak ez duela Ligari ustez aldatzeko inolako tresnarik, baina euren desadostasuna jendaurrean agertzeko eskubidea defendatu du. Iñaki Azkuna alkateak, bestalde, eskaera "ez duela ezertarako balioko" esan du, baina Udalaren jarrera agertzearen alde agertu da: "Bost edo sei partida daramatzagu astelehenetan 22:00etan jokatzen. Hori ez da bidezkoa", esan du alkateak.
Azkunak argi utzi du Ligak ez diela "inolako kasurik" egingo, "dirua telebistek jartzen dutelako".