Itxi

Athletic Club

0-1

Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Getaferen aurka

Laportek sartu du partidako gol bakarra 8. minutuan eta Iraizozek penaltia geratu dio Diego Castrori atsedenaldira iritsi aurretik. Lehen aldiz irabazi dute zuri-gorriek Coliseumean.

0:57

Athleticek garaipena lortu du Getaferen aurka (0-1) Alfonso Perez Coliseumean eta zuri-gorriak Txapeldunen Ligako postuetan dagoen Vila-realekiko puntu bakarrera daude. Aymeric Laportek sartu du partidako gol bakarra, eta Gorka Iraizoz izan da izarra, Diego Castrok jaurtitako penaltia desbideratzea lortuta.

Partida hasieran Getafe izan da nagusi. Etxeko taldea gogotsu zelairatu da, eta lehen gol sartzeko abaguneak izan ditu. Aukera argiena Sarabiak izan du, baina Iraizozek ondo eutsi dio, eta buruz burukoan Getafeko jokalariak gola sartzea eragotzi du. Athletic gaizki ibili da, baina 8. minutuan, Laportek sare barrura bidali du Susaetak atera duen kornerra (0-1).

Gola hartu ondoren ere, Getafe izan da nagusi, eta etxeko taldeak abaguneren bat edo beste sortu duen arren, Athleticek partidaren erritmoa moteltzen jakin du. Lehen zatiko azken minutuan, ordea, Gurpegik penalti argia egin dio Colungari, eta epaileak adierazi egin du. Diego Castrok egin du penalti jaurtiketa eta Iraizozek erantzun bikaina eman dio, kornerrera desbideratuz. Athleticeko atezain kolpe bat hartu du lehen zatiko 20. minutuan eta lehen 45 minutuak amaitu arte eutsi dio minari. Bigarren zatian, ordea, ezin izan du jarraitu eta Iago Herrerinek ordezkatu du.

Bigarren zatiak lehen zatiaren antzeko gidoia izan du. Getafe nagusi izan da, baina etxeko taldeak ez du asmatu. Bigarren zati honetan, ordea, Getafek ez ditu abagune argiak sortu. Area kanpoko jaurtiketen eta estrategi jokaldien bitartez saiatu dira partida berdintzen, baina zuri-gorriak sendo ibili dira defentsako lanean, eta garaipena ez die ihes egin.

Fitxa teknikoa:

0.- Getafe: Moya; Valera, Rafa, Lisandro, Roberto Lago; Borja (Lafita, 70. min), Mosquera; Pedro Leon, Sarabia, Diego Castro (Ciprian, 60. min); Colunga (Gavilan, 84. min).

1.- Athletic: Iraizoz (Herrerín, min. 46); Iraola, Gurpegi, Laporte, Balenziaga; Mikel Rico, Iturraspe; Susaeta (Beñat, 71. min), Ander Herrera (San Jose, 88. min), De Marcos; Aduriz.

Gola: 0-1, 8. min: Laporte.

Epailea: Gil Manzano.