Athletic Club
Adierazpenak
Iturraspe: 'Mikel Ricorekin ondo moldatzen naiz berdegunean'
Erredakzioa
Erdialdea eratzeko Ernesto Valverdek 'aukera ugari' dituela azpimarratu du jokalari bizkaitarrak, Lezamako prentsa aretoan.
Ander Iturraspek Mikel Ricorekin "ongi" moldatzen dela onartu du prentsaurrekoan. Nahiz eta bi jokalariek antzeko profila izan, "batera" jokatzeko gai direla uste du Athleticeko erdilari bizkaitarrak.
"Entrenatzaileak aukera ugari ditu, eta Mikelekin ondo moldatzen naiz berdegunean. Nik jokatzen dudanean, bera askatu egiten da", esan du Iturraspek Lezamako prentsa aretoan.
Gainera, Granadaren kontrako partida denboraldiko kaskarrena izan dela adierazi du. Hala ere, etxetik at jokatutako beste neurketetan taldeak gehiago merezi izan duela ere onartu du.
"Horrelako partidak urtero lau edo bost irteten dira. Talde guztiei gertatzen zaie. Mina ematen du, baina ahaztu eta apurka hobetzen joan behar dugu. Egia da, ez gaude gure mailarik onenean, baina emaitza onak lortu ditugu eta horrek hobetzen jarraitzeko tartea ematen digu", azaldu du Ander Iturraspek.