Itxi

Athletic Club

3-2 irabazi dio Celtari

Athleticek garaipenarekin estreinatu du San Mames zelai berria

Erredakzioa

Kanpoko taldeak hartu du aurrea markagailuan Charlesen golarekin, baina zuri-gorriek emaitza irauli dute San Joseren eta Iraolaren golekin. Beñatek sartu du hirugarren gola, eta Minak egin du 3-2koa.

9:42

Athleticek garaipenarekin estreinatu du San Mames zelai berria. Celtari 3-2ko emaitzarekin irabazi dio talde zuri-gorriak, nahiz eta Vigoko taldeak markagailuan aurrea hartu duen. Charles izan da Athleticen zelai berrian lehen gola sartu duen jokalaria.

Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak indartsu ekin dio partidari. Lehen hamabost minutuetan jaun eta jabe izan da Athletic. Beñaten bi jaurtiketak, eta Herreraren beste erremate batek arriskua sortu dute Yoel Celtako atezainaren ate inguruan. Hamaikagarren minutuan epaileak ez du Athleticen aldeko penalti argia adierazi, eta hurrengo jokaldian Celtak 0-1ekoa sartu du. Moranek baloia galdu du zelai erdian, Rafinhak pasea eman dio Charlesi, eta aurrelari brasildarrak ez du barkatu Iago Herrerinen aurrean.

Celtaren gola jasota, partida ireki egin da, eta zoramen horretan Athleticek norgehiagoka berdintzea lortu du. Beñatek falta atera, Celtako defentsa lerroak kale egin du, eta San Josek sare barrura bidali du errematea (1-1).

Partida berdindu ostean, Celtak bigarren gola sartzeko abagune oso onak izan ditu. 25. minutuan Iago Herrerinek penaltia egin dio Augusto Fernandezi, baina Charlesek huts egin du hamaika metroetatik. Brasildarraren penalti jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. Lehen zatia amaitu orduko Charlesek beste abagune argi bat izan du, baina brasildarrak ez du asmatu Herrerinen aurrean bakarrik geratu ostean.

Bigarren zatiaren hasiera oso parekatua izan da, eta bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Pixkanaka, Athletic baloiaren jabe egin da, eta lehen abagunean bigarren gola sartu dute zuri-gorriek. Muniainek orpoz pase dotorea eman dio Iraolari, eta Usurbilekoak etxeko taldearen bigarren gola sartu du (2-1).

Bigarren golak lasaitasuna eman dio Valverdek zuzentzen duen taldeari, eta zuri-gorriek hirugarren gola sartu dute 68. minutuan. Beñatek jokaldi bikaina egin du. Igorreko jokalaria Celtaren area barruan sartu da, Toniri izkin egin dio, eta Yoelen aurrean maisuki egin du errematea, 3-1ekoa sartzeko.

Athleticek kontrolpean izan du partida, baina 79. minutuan Iago Herrerin atezainak kale egin du irteeran, eta Minak aldeak murriztu ditu (3-2). Azken minutuetan, ordea, Celtak ez du arriskua sortu Athleticen ate inguruan, eta etxeko taldea izan da aldea handitzeko abaguneak izan dituena. De Marcosen erremate bat atepetik atera du Fontasek, eta Adurizek ez du asmatu beste abagune argi batean. Azkenean, Athleticek hiru puntuak lortu ditu (3-2).

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Herrerin; Iraola, San Jose, Gurpegi, Aymeric; Moran, Beñat (De Marcos, 81. min), Herrera (Rico, 69. min); Susaeta, Aduriz eta Muniain (Ibai Gomez, 73. min).

2 - Celta: Yoel; Hugo Mallo, David Costas, Fontas, Toni; Oubiña, Alex López (Madinda, 71. min), Rafinha; Augusto (Santi Mina, 71. min), Charles eta Nolito (Orellana, 75. min).

Golak: 0-1, 14. min: Charles. 1-1, 18. min: San Jose. 2-1, 61. min: Iraola. 3-1, 68. min: Beñat. 3-2, 79. min: Santi Mina.

Epailea: Gil Manzano.