Itxi

Athletic Club

Presidentearen adierazpenak

Urrutia: 'Pribilegiatua naiz San Mamesen estreinaldia biziko dudalako'

Erredakzioa

Athleticeko presidenteak argi dauka trantzisio denboraldia izango dela aurtengoa, eta "gerta litezkeen eragozpenak pazientzia izanda, eta elkar ulertzearekin konponduko ditugu".

  • Josu Urrutia. Argazkia: EFE

    Josu Urrutia, Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE

Datorren astelehenean, irailaren 16an, estreinatuko da San Mames Athleticek Celtaren aurka jokatuko duen partidarekin. Ostiralean zabaldu ziren San Mameseko ateak bazkideentzat, eta zaleek Athleticen entrenamendua ikusteko aukera izan zuten. 10.000 zale hurbildu ziren Valverdek zuzendutako taldearen lan saioa ikustera.

"Ilusio handiko unea da, eta Athleticen familiako parte izateaz harro sentitzeko momentua izango da. Pribilegiatua naiz San Mamesen estreinaldia biziko dudalako", adierazi du Josu Urrutia Athleticeko presidenteak.

Urrutiaren ustez, "egun garrantzitsua izango da klubaren historian, eta zelai hau jende askoren bultzadarekin eraiki dela aipatu behar da. Athleticeko bazkideen, zaleen, eta erakundeen laguntza funtsezkoa izan da".

Athleticeko presidenteak argi dauka 2013-2014. denboraldia, trantsizio denboraldia izango dela, eta eragozpenak egongo direla: "Trantsizio denboraldia izango da, eta horrek eragozpenak sortzea ekar lezake. Sor litezkeen eragozpenak pazientziarekin eta elkar ulertzearekin konponduko ditugu".