Athletic Club
3-1
Defentsan egindako hutsek merezitako porrota ekarri diote Athletici
L.E.
Zuri-gorriek denboraldiko lehen partida galdu dute. Valverdek Herrerin jarri du atean eta Ander Herrerak aulkitik ikusi du norgehiagoka osoa.
-
Cristianok eta Iscok (2) egin dituzte Real Madrilen hiru golak. Efe.
Athleticeko jokalariek amesgaiztoak izango dituzte Isco eta Luka Modric Real Madrileko jokalariekin. Biek zeresan handia izan dute bilbotarrek aurtengo ligan jasotako lehen porrotan (3-1), defentsan egindako huts larriekin batera.
Ernesto Valverdek planteamendu ona egin du eta Athleticek ondo eutsi die zuriei partidako lehen minutuetan. Ander Herrera aulkian izan da eta Beñatek izan du jokoa sortzeko ardura. Ondoan, Mikel Rico debutaria izan du Igorrekoak.
Lehen minutuetan ez da inor nagusitu... Isco agertu den arte. Jokalariak zuloa egin du zuri-gorrien defentsan, eta Benzemaren pasea jaso du baloia Athleticen atean sartzeko (1-0).
Minutu batzuk geroago, bilbotarrek penaltia eskatu dute Khedirak baloia eskuarekin kontrolatu duelako, baina epaileak areatik kanpo ikusi du falta hori. Beñaten jaurtiketa zurien atearen ondo-ondotik atera da.
Baina Athletic makal dabil atzeko aldean eta gaur ere huts nabarmenak egin dituzte defentsan. Huts horietako baten ondorioz iritsi da madrildarren bigarren gola; Cristianok egin du buruz, arean bakar-bakarrik, inolako eragozpenik gabe (2-0).
Ibairen gola
Bigarren zatia lehenengoaren bide beretik joan da. Iscok gola egin du, Benzemaren paseari esker (3-0), eta Athletici gauzak oso aldapan gora jarri zaizkio.
Zuri-gorriek amore eman dute azken minutuetan eta Madril jaun eta jabe izan da. Gol gehiago egiteko aukerak ere izan dituzte, baina partidako laugarren gola Athleticek egin du, Ibai Gomezek, hain zuzen, eraso polit baten ondorioz (3-1).
Fitxa teknikoa
3 - Real Madril: Diego López; Arbeloa, Pepe, Sergio Ramos, Marcelo (Carvajal, 86'); Khedira (Casemiro, 70'), Modric; Di María, Isco, Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Jesé, 74').
1 - Athletic: Herrerín; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (Erik Morán, 46'), Mikel Rico (De Marcos 46'), Beñat; Susaeta, Aduriz eta Muniain (Ibai, 65').
Golak: 1-0, 25': Isco. 2-0, 45': Cristiano Ronaldo. 3-0, 73': Isco. 3-1, 80': Ibai.