Itxi

Athletic Club

Liga txapelketa, hastear

Athleticek Bielsaren osteko lehen denboraldiari ekingo dio

Erredakzioa

Ernesto Valverde izango da zuri-gorrien aulkian, eta, arabarrarekin batera, Lezaman edota lehen taldean izandako beste sei jokalari ere talde bizkaitarrera itzuli dira.

  • Aduriz zuri-gorrien erasoko erreferentzia izango da. Efe.

    Aduriz zuri-gorrien erasoko erreferentzia izango da. Efe.

Athleticek Marcelo Bielsarekin bizitako bi urte mamitsuak atzean utzi eta denboraldi berria hasiko du Ernesto Valverderen agindupean.

Entrenatzaile argentinarrarekin bi denboraldi guztiz ezberdinak egin zituzten zuri-gorriek: lehenengoa, zoragarria, bi final jokatuta eta Old Trafford-en mundu osoa txunditu zuen partida jokatuta. Bigarren urtea, aldiz, kaskarra eta gorabeheratsua izan zen; inork espero ez zuen bezalakoa.

Azken denboraldian Athleticek 12. amaitu zuen liga txapelketa eta Europa Ligan eta Errege Kopan berehala kanpoan geratu ziren. Horrez gain, ordura arte taldearen oinarri izan ziren hiru jokalari galdu zituen: Fernando Llorente, Javi Martinez eta Fernando Amorebieta.

Valverde entrenatzailearekin batera, beste sei jokalari itzuli dira Athleticera azken asteetan; guztiak aurretik Lezaman edota lehen taldean aritutakoak.

Fitxaketak

Fitxaketa esanguratsuenak Beñat Etxebarria eta Kike Sola izan dira. Bizkaitarrak Joaquin Caparrosen erabakiz alde egin zuen Bilbotik. Kike Sola, berriz, Osasunatik ekarri dute, erasoan Aritz Adurizekin lehiatzeko.

Hala ere, 2013-2014 denboraldiari begira Athleticek duen erronkarik handiera Andoni Iraola, Ander Herrera, Markel Susaeta eta Iker Muniain jokalariek duela bi urte emandako maila berreskuratzea izango da. Guztien errendimenduak beherakada nabarmena izan zuen Bilesaren azken urtean, aurreko denboraldian egindako jokoa guztion ahotan izan ondoren.