Athletic Club
2-1, Cardiffen aurka
Athleticek porrotarekin eman dio amaiera denboraldi-aurreari
Erredakzioa
Zuri-gorriak 2-1 galdu dute Cardiffen aurka. Withinghamek sartu du 1-0ekoa etxeko taldearentzat, eta Campbellek egin du 2-0koa. Iraolak aldeak murriztea lortu du, 55 minutuan (2-1).
-
Kike Solaren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Athleticek porrotarekin eman dio amaiera denboraldi-aurreari. Cardiff Cityren aurka jokatu du talde zuri-gorriak, eta 2-1 galdu du. Valverdek frogak egin ditu defentsako lerroan Gurpegi eta San Jose erdiko defentsa postuan jarrita, baina ez zaio ondo atera.
Withinghamek sartu du partidako lehen gola atsedenaldira iritsi aurretik. 45. minutuan sartu du 1-0ekoa Cardiffeko jokalariak. Norgehiagokako 52. minutuan Campbellek 2-0koa sartu du etxeko taldearentzat, eta hiru minutu beranduago Iraolak aldeak murriztea lortu du (2-1). Andre Herreraren pasea jaso du Iraolak, eta boleaz gola sartzea lortu du.
Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak aurkariak baino abagune gehiago sortu ditu, eta hobeto jokatu du. Lehen zatian sortu ditu Athleticek abagune onenak. Gaizka Toquerok hiru abagune huts egin ditu, Beñatek arriskua sortu du bi jaurtiketa indartsurekin, eta beste bat langara bidali du. Muniainek eta Herrerak ere, abagune bikoitza izan dute, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu.
Azkenean, talde zuri-gorriak ezin izan du berdinketa lortu, eta Cardiffen jokatutako partida galdu egin du (2-1).
Fitxa teknikoa:
2 - Cardiff City: Marshall; Connolly, John, Kim, Caulker, Turner, Whittingham, Gunnarsson (Mason, 66. min), Campbell, Bellamy (Cowie, 66. min), Smith (Noone, 79. min).
1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San José, Gurpegi, Saborit (Laporte, 64. min); Iturraspe, Beñat; Susaeta (Ibai Gomez, 76. min), Ander Herrera (De Marcos, 64. min), Muniain; eta Toquero (Kike Sola, 64. min).
Golak: 1-0, 45. min: Whittingham. 2-0, 52. min: Campbell. 2-1, 55. min: Iraola.
Epailea: Mark Whitby.