Itxi

Athletic Club

0-2

Athletic, nagusi Numantziaren aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek 0-2 irabazi diote Soriako taldeari Pajaritosen. Kike Solak sartu du 0-1ekoa 59 minutuan, eta Ibai Gomezek egin du 0-2koa, 63. minutuan.

  • Ander Herrera eta Palanca. Argazkia: EFE

    Ander Herrera eta Palanca lehian Numantzia-Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Numantziaren aurka Pajaritos zelaian. Talde zuri-gorriak denboraldi-aurreko azken-aurreko partida jokatu du Sorian, eta emaitza ona lortu du. Gol falta izan du taldeak azken partidetan, baina norgehiagoka honetan bi gol egin ditu maila oneko talde baten aurka. Kike Sola eta Ibai Gomez izan dira golegileak.

Partida parekatua izan da lehen minutuetan, baina Athletic izan da abagune argienak sortu dituen taldea. Adurizek, 12. minutuan aurrea hartu dio Raul atezainari, baina bere errematea kanpora joan da. Ondoren, 20. minutuan Kike Solak behartuta errematea egin, eta atepetik atera du baloia Raul atezainak. Athleticek Numantziari utzitako atezainak lan eskerga izan du lehen 25 minutuetan. Ibai Gomezen jaurtiketari erantzun ona eman dio, eta bere taldekidea den Isidorok emandako pase txar bat, irteera azkar batekin konpondu behar izan du.

Lehen ordu erdian Athletic izan da nagusi, baina Numantziak ondo jokatu ditu lehen zatiko azken minutuak. Soriako taldea izan da baloiaren jabe lehen zatiko azken ordu laurdenean, baina ez du arrisku handiegirik sortu. Lehen 45 minutuak golik gabe amaitu dira (0-0).

Bigarren zatian kementsu zelairatu da Numantzia, eta abaguneren bat ere sortu du. Athletic izan da, ordea, bigarren zatiko lehen abagunean gola sartu duena. Numantziako defentsak kale egin du pase bat ematerakoan, Kike Solak baloia berreskuratu du, eta Raul atezaina gainditu ondoren, 0-1koa sartu du. Zuri-gorriek erosoago jokatu dute lehen gola sartuta, eta lau minutu geroago, 63. minutuan Ibai Gomezek sartu du 0-2koa. Hegaletik barrurantza izkin egin, eta area ertzetik birritan pentsatu gabe, jaurtiketa sare barrura bidali du bizkaitarrak.

Partidako azken txanpan Numantzia saiatu da aldeak murrizten, baina Athletic ondo defendatu da, eta Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

0 Numantzia: Raul; Isidoro (Akapo, 63. min), Gaffoor (Javi Duro, 73. min), Juanma (Regalon, 63. min), Ripa (Bonilla, 63. min); Antonio Tomas (Victor Andres, 73. min), Julio Alvarez (Gallardo, 73. min); Palanca (Nieto, 63. min), Bedoya, Vicente (David Martin, 73. min); Natalio (Luis Valcarce, 73. min).

2 Athletic Club: Herrerin; Etxeita, Ekiza, Laporte (Saborit, 59. min), Aurtenetxe; Iñigo Perez (Iturraspe, 59. min), Eric Moran; Ibai Gomez, Ander Herrera (Muniain, 59. min), Aduriz; Kike Sola (Toquero, 59. min).

Golak: 0-1, 59. min: Sola. 0-2, 62. min: Ibai Gómez.

Epailea: Valdes Aller.