Itxi

Athletic Club

Katedrala

Agur eta ohore, San Mames!

Sara Lavado

Nostalgiarako egunak dira: gure San Mames zaharrari merezitako omenaldia egiteko unea heldu da.

  • Agur eta ohore, San Mames!

    San Mames. Argazkia: Twitter Arana

Ez dakit nondik hasi. Gutxi falta da San Mames, gure San Mames, eraisten hasteko, eta nostalgiarako egunak dira, futbol-zelai berri bat aspalditik beharrezkoa den arren.

Katedralean modu ezberdinean, berezian, bizi dira futbola eta kirol hau inguratzen duen guztia. Bilbotarrei egotzi ohi zaien berezko harrokeriaren ezaugarritzat har daiteke hori esatea, baina, kasu honetan, ez dut uste handikeriatan ari naizenik.

Ez da zale zuri-gorriok bakarrik azpimarratzen dugun gauza, bisitariek ere nabarmendu ohi dute Athleticen estadioan sortzen diren giroa eta maitasuna. "Katedrala" ezizena ez zuen kasualitatez jaso: pasioa eta kalitate handiko futbola, 105 x 68 metrotan.

Nire seme-alabek ez dute "San Mameseko sentimendua" ezagutuko, eta pena da, baina ziur naiz egungoak eskaini dizkigun amets, emozio eta une zirraragarriak bezalakoak sortuko direla futbol-zelai berrian ere.

Gure San Mames zaharrari merezitako omenaldia egiteko unea da, eta etorkizunean pentsatzen hasi: instalazio berrietan, modernitatean eta segurtasun handiagoan, baina, batez ere, futbolean eta erronka berrietan.

Gure esku, zaleen, bazkideen, jokalarien eta zuzendaritza batzordearen esku, dago San Mamesek orain arte erakutsitako mailari eta dotoretasunari eustea eta bisitariengan errespetua eta miresmena eragitea.

Agur eta ohore, San Mames!