Itxi

Athletic Club

2-2

Messik Athletic ikaratu du, baina zurigorriek puntu bat salbatu dute

L.E.

Argentinarra bigarren zatian zelairatu da eta, sekulako gola eginda, zurigorriak berdegunetik desagerrarazi ditu. Bilbotarrek partida mendean zuten atsedenaldian baina gero sufritzea tokatu zaie.

  • Athleticen jokalariak, Susaetak sartutako lehen gola ospatzen. Efe.

    Athleticen jokalariak, Susaetak sartutako lehen gola ospatzen. Efe.

Athleticek galduta zuen puntuari eustea lortu du Ander Herrerak 90. minutuan sartutako golari esker. Zurigorriek bigarren zati oso txarra jokatu dute, galduta ibili dira, nahi eta atsedenaldirako 1 eta 0 aurretik izan.

Marcelo Bielsaren taldea ederto aritu da lehen zatian, baloiaren kontrola zurigorriena izan da eta Bartzelonak oso arrisku gutxi Portu du Gorka Iraizozen atearen inguruan. Messi eta Iniesta aulkian utzi ditu Vilanovak, eta kataluniarrek bi jokalarien hutsa sumatu duTE, nabarmen gainera.

Hala ere, Bartzelonak izan du partidako lehen gol aukera handia, baina Alexisek areaz kanpotik egindako jaurtiketak zutoinaren beheko aldean jo du eta ez da sareetan sartu. San Mameseko ikusleek lehen zatian izan duten susto bakarra izan da.

Baina Athletic ondo ari zen jokatzen eta erasoan Barçak baino aukera gehiago izan ditu. Zurigorrien ekinak saria izan du 28. minutuan: Aritz Adurizek pase bikaina eman dio Susaetari eta horrek baloia buruz sareetara bidali du, Victor Valdes gaindituta.

Bigarren gola egiteko aukera garbia ere izan dute bilbotarrek, baina Aduriz ez da fin ibili De Marcosen erdiraketa errematatzeko, atearen aurrean bakar-bakarrik zegoenean.

Messi zelaira, eta Athletic, desagertuta

Bigarren zatian, Vilanovak Messi jarri du beroketa ariketak egiten eta handik gutxira zelaira atera du Xaviren ordez. Zortzi minutu bakarrik behar izan ditu argentinarrak sekulako jokaldia egin, San Jose, Gurpegi eta Herrera gainditu, eta baloia maisuki Iraizozen atean sartzeko. Gol ikaragarria egin du Messik.

Bi minutu geroago kataluniarren bigarrena iritsi da: Alexisek egin du, Messiren burukadaz baliatuta eta Alvesen erdiraketa aprobetxatuta.

Athletic desagertuta izan da bigarren zati osoan, eta porrota ziurtatuta zitudien, baina azken erasoaldian Herrerak baloia sareetara bidali du egindako jaurtiketa bortitzari esker.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San José (Ramalho, 69'), Ekiza, Aurtenetxe (Ibai, 73'); Gurpegui, De Marcos, Herrera; Susaeta, Aduriz (Llorente, 73') eta Muniain.

2 - Barcelona: Valdes; Dani Alves, Piqué, Abidal (Adriano, 46'), Jordi Alba; Song, Thiago, Xavi (Messi, 58'); Pedro, Cesc eta Alexis (Iniesta, 78').

Golak: 1-0, 27': Susaeta. 1-1, 66': Messi. 1-2, 68': Alexis. 2-2, 89': Herrera.

Epailea: Iglesias Villanueva (galiziarra). Txartel horia atera die Athleticeko Herrerari, Gurpegiri eta De Marcosi; eta Bartzelonako Cesc eta Adriano jokalariei.