Itxi

Athletic Club

1-1 Riazorren

Athleticek eskura izan du garaipena baina berdinketa baino ez du lortu

Erredakzioa

Zurigorriek 10 jokalarirekin amaitu dute partida, Iturrasperi bi txartel hori atera dizkiotelako. Bilbotarren gola Fernando Llorentek sartu du.

  • Iturraspe eta Riki, baloia kontrolatzeko borrokan. Efe.

    Iturraspe eta Riki, baloia kontrolatzeko borrokan. E

Athleticek Deportivoren bolada onari amaiera eman dio (galiziarrek jokatutako azken lau partidak irabaztetik zetozen) eta puntu bat atera du Riazorren. Hala ere, zurigorriek esku-eskura izan dute garaipena, baina ez dituzte izandako aukerak aprobetxatu.

Deportivoren gola Bruno Gama portugaldarrak sartu du lehen zatian, gol ederra; eta atsedenaldiaren atarian, Llorentek banakoa jarri du markagailuan. Aurrelari errioxarrak zazpi hilabete zeramatzan ligan golik egin gabe.

Athleticek kontrolpean izan du ia partida osoa, azken bederatzi minutuak izan ezik, Iturrasperen kaleratzeak hamar jokalarirekin utzi dituelako.

Athletic gogotsu atera da Riazorreko berdegunera, Sevillaren eta Real Madrilen aurkako partidak galdu ostean. Fisikoki galiziarrak baino gehiago dira bilbotarrak eta horrek abantaila eman die.

Lehen zatia, zurigorriek Deportivo bere zelaian sartu dute eta jaun eta jabe izan dira Bruno Gamak gol izugarri polita egin duen arte. Portugaldarrak ederki kokatu du baloia sareetan, maisuki, efektu berezia emanda.

Zazpi minutu geratzen ziren atsedenaldira iristeko eta harmailetan markagailuko aldea ospatzen zeuden Llorentek galiziarren atzelariei aurrea hartu eta buruz gola egin duenean. Erdiraketa Iraolak egin du.

Bigarren zatian Athleticek ez du jokoaren kontrola galdu Iturraspek bigarren txartel horia ikusi duen arte. Zurigorriak hamar jokalarirekin geratu dira eta orduan Deportivo gehiago izan da, baina ez du gola egitea lortu.

Bukaeran 1 eta 1, puntu banaketa Riazorren.

Fitxa teknikoa:

1 – Coruñako Deportivo: Aranzubia; Manuel Pablo, Kaká, Aythami, Sílvio; Álex Bergantiños, Juan Domínguez; Bruno Gama, Valeróo (Assunçao, 71 min.), Pizzi; eta Riki (Nelson Oliveira, 87. min).

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Gurpegui, Aurtenetxe; De Marcos, Iturraspe, Herrera; Susaeta, Llorente (Aduriz, 76. min, San Jose, 88. min) eta Muniain (Ibai, 76. min).

Golak: 1-0, 38. min: Bruno Gama. 1-1, 44. min: Llorente.