Itxi

Athletic Club

0-3 San Mamesen

Cristiano Ronaldo Athleticen borreroa izan da San Mamesen

Erredakzioa

Real Madrilek hiru puntuak eraman ditu beste munduko jokorik egin dabe. Aurrean asmatu egin dute madrildarrek eta Marcelo Bielsaren taldea, berriz, makal aritu da erasoan.

  • Cristiano Ronaldok buruz egin du Real Madrilek San Mamesen sartutako bigarren gola. Efe.

    Cristiano Ronaldok buruz egin du Real Madrilek San Mamesen sartutako bigarren gola. Efe.

Athleticek 0 eta 3 galdu du San Mamesen, Real Madrilen kontra jokatutako partidan. Llorentek kapitain lanak egin ditu eta Bielsak Moran gaztea zelairatu du bigarren zatian, lehen mailan lehen aldiz. Madrildarren aldean, Casillas aulkian egon da, eta ez du minuturik jokatu duela 14 urte lehen mailan debuta egin zuen San Mames zaharrean.

Cristiano Ronaldok gola egin du partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, baina Athletic izan da nagusi lehen zatian. Bielsarenei kosta egin zaie kontrola hartzea baina baloiaren jabetza zurigorria izan da lehen zatian.

Hala ere, arrisku oso txikia sortu dute Diego Lopezen atean. Lehoiak area inguruan ibili dira, zenbait jaurtiketa egin dituzte, baina estualdi handirik eragin gabe. Real Madril, berriz, gutxitan iritsi da Iraizozen atera, baina arrisku handia sortuz: gauzak horrela, Benzema bigarren gola sartzear izan da Sergio Ramosen pase bikainaz baliatuta, baina bere jaurtiketak langa jo du.

Zurigorriek penaltia eskatu dute 38. minutuan, Susaeta Real Madrilen arean erori denean, baina epaileak ez du ezer ere adierazi. 41. minutuan, Ander Herrerak jaurtiketa bortitza egin du, baina baloia kanpora atera da defentsa batean jo ostean. 0 eta 1ekoak atsedenaldira arte iraun du.

Bigarren zatian, Madril baloiaren jabetza berreskuratzeko eta markagailuko aldea handitzeko nahiarekin atera da. Zurigorriak ondo kokatuta zeuden berdegunean, baina lehen zatiko gabezi bera izan dute: ez dira benetako arriskua sortzeko gai izan.

Cristiano Ronaldo, erabakigarria

Madrilek, aldiz, ez du barkatzen, eta 68. minutuan bigarren gola egin dute. Cristiano Ronaldok egin du buruz, falta jaurtiketa baten ondorioz.

Bigarren gol horrek min handia egin die zurigorriei eta zortzi minutu geroago hirugarrena egin dute: Cristianok pasea eman dio Higuaini eta honen jaurtiketa Iraizozen ate barrura joan da.

Hortik aurrera, ezer gutxi gertatu da San Mamesen. Athleticek amore eman du azken minutuetan. Gainontzeko emaitzak Athleticen aldekoak izan dira eta horri esker Bielsaren mutilek jaitsiera postuekin duten aldeari eutsi diote.