Itxi

Athletic Club

1-0

Granadaren aurkako borroka irabazi du Athleticek

Erredakzioa

Etxekoen garaipenarekin bukatu da Marcelo Bielsaren antolamentu taktiko berria, nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin amaitu duten partida, eta lasaitasuna eman dio Athletici.

Granadaren aurkako partida garrantzitsua irabazi du, sufrituta, Athleticek, bi taldeak aurkari zuzenak dira eta. Soilik Adurizen gola izan da baliogarria San Mameseko markagailuan, eta apur bat aldendu du Athletic atzeko postuetatik.

Hamaikako ezohikoa zelairatu du Marcelo Bielsak, hiru erdiko atzelarirekin (Gurpegi, Ekiza eta Laporte), Iraola eta De Marcos hegaleko jokalariez lagunduta. Defentsa indartzen saiatu da Bielsa, baina oso galduta ibili da taldea.

Granada etxeko taldea baino hobeto atera da. Zurigorriek ez dute baloia ia ikusi norgehiagokaren lehenengo minutuetan. Lehenengo zatia aukera argirik gabe bukatu da. San Mameseko harmaila urduri egon da, taldearen antolamendu berriak harrituta.

20. minututik aurrera, Ander Herreraren eta Markel Susaetaren saiakera banaren ondoren, hobeto aritu da Athletic. Granadak, aldiz, azkar erantzun du, eta Gorka Iraizoz adi egon behar izan da Nolitoren errematea gelditzeko. Zelaian lasai burutu da jokoa, harmailak urduritzen ziren bitartean.

Bigarren zatian, Athleticen saiakerak neutralizatu ditu Granadak. Athleticen jokoa inoiz baino zuzenagoa izan da, atzetik baloia ateratzeko arazoak izan dituelako. Etxekoen jokoa zehaztugabea izan da beti, baina gero eta aukera gehiago izan ditu.

San Josek buruz errematatu du 54. minutuan, baina Toñok harrapatu egin du. Hurrengo jokaldian, kanpora bidali du Ibaik. atzerako artazia egiten saiatu da Aduriz, baina Santutxuko futbolariarengana heldu da baloia. Adurizen beste saiaketa bat eta El Arabiren beste bat izan dira Athleticen golaren aurreko jokaldiak. 67. minutuan, oso txarto defenditu du Granadak Athleticen korner jaurtiketa bat, eta aurretik jarri da Athletic markagailuan.

Ibairen ordez sartu da Munian, eta Llorente zelairatu da, Adurizen ordez. Golaren ostean, atzean sartu da Athletic. Are gehiago, Susaetak bigarren txartel horia ikusi duenean. Zurigorriek jokalari gutxiago batekin bukatu dute partida, eta Granadak azken aukera garbiak izan ditu azken 10 minutuetan.

Bigarren gola gertu izan du Athleticek kontraeraso batean, baina Ander Herrerak kanpora jaurti du. Brahimik, ordea, gertuago izan du Granadaren lehenengoa, baloia zutoinera bidali duenean. Luzapeneko lau minutu luzeetan, bitxikeri baterako denbora ere egon da: Herrerak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, Toño atezaina harmailetatik zetorren baloi bat urruntzen ari zelako.

Sufrituta eta ezohiko jokoarekin, Granadaren hiru puntuak irabazi ditu Marcelo Bielsaren taldeak, eta jaitsiera postuetatik 11 puntura dago orain.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; Gurpegui, Ekiza, Laporte; San Jose; Iraola, Herrera, De Marcos; Susaeta, Aduriz (Llorente, 78. min.) eta Ibai Gomez (Muniain, 67. min.; Toquero, 89. min.)

Granada: Toño;: Nyom (Buonanotte, 67. min), Iñigo Lopez, Mainz, Bryan Angulo; Juanma Ortiz, Brahimi, Mikel Rico, Nolito; El Arabi (Aranda, 67. min.) eta Ighalo.

Gola: 1-0, 67. min.: Aduriz.