Athletic Club
1-0 Getaferen aurka
Athleticek beste porrot mingarri bat jaso du
Erredakzioa
Marcelo Bielsaren mutilek 1-0 galdu dute Getaferen kontra. Borjak norgehiagokako 6. minutuan lortu du partidako gol bakarra, eta zuri-gorriek ezin izan dute erantzunik eman.
-
Herrera eta Xavi Torres, lehian. Argazkia: EFE
Athleticek ezin izan du Getafe gainditu, eta Madrilgo taldeak 1-0 irabazi du Alfonso Perez estadioan. Urdinek merezitako garaipena eskuratu dute, zuri-gorriek irudi kaskarra eman baitute berdegunean. Bielsaren mutilak azul egon dira erasoan eta defentsan batez ere, eta Borjak norgehiagoka erabakita utzi du patidako gol bakarrarekin.
Madrilgo taldeak erasoan asko sakatu du neurketako aurreneko minutuetan, eta Escuderok baloia langara bidali du 3. minutuan. Luis Garciaren mutilek gizon asko bildu dituzte erasoan, eta Borjak 1-0ekoa jarri du markagailuan (6. minutua). Iturraspek akats argia egin du markaketan, eta Getafeko jokalariak baloia sareetara bidali du.
Athleticek erantzuna emateko lerroak aurreratu ditu, eta Aritz Adurizek abagune argiak izan ditu. Gipuzkoarraren jaurtiketa Moya atezainak hartu du, 10. minutuan, eta 23. minutuan, beste jaurtiketa bat zuzenean kanpora joan da, zutoinean jo ondoren. Marcelo Bielsaren mutilak ez dira eroso egon, eta Getafek presio ona egiten jarraitu du. Atsedenaldia heldu aurretik Ibai Gomezek aukera ederra izan du, baina Santutxukoak kanpora jaurti du.
Bigarren zatian Getafe, berriz ere, nagusi izan da, eta Gorka Iraizozek gelditu erabakigarriak egin behar izan ditu. Muniain Iturrasperen ordez sartu da, baina zuri-gorriek erritmoa aurkitu ezinik jarraitu dute. Luis Garciaren taldeak asko sakatu du erasoan, eta Barradaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da (59. minutua). 63. minutuan, Fedek zutoinera errematatu du, eta Athleticen sufritzen jarraitu du.
Bilboko taldea ezinean aritu da, eta urdinek abagune onenak izan dituzte. Lafitak bigarren gola egiteko aukera ederra izan du, 85. minutuan, baina Iraizozek erantzun bikaina eman du, eta baloia langa azpitik atera du. Azkenean, hiru puntuak Luis Garciaren mutilek eskuratu dituzte.
-- Fitxa teknikoa:
1 - Getafe: Moya; Miguel Torres (Lopo, 25. minutua), Rafa, Fede, Escudero; Borja, Xavi Torres; Pedro Leon, Abdel Barrada (Lacen, 83. minutua), Diego Castro (Lafita, 73. minutua); eta Colunga.
0 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Laporte; Ander Herrera, Iturraspe (Muniain, 57. minutua); Susaeta (Toquero, 68. minutua), De Marcos, Ibai Gomez; eta Aduriz (Llorente, 63. minutua).
Gola: 1-0, 6. minutua: Borja;