Athletic Club
Europa League 2012
Athleticek Old Trafforden emandako erakustaldiak urtebete egin du
A.B. / L.E.
2012ko martxoaren 8an, zuri-gorriek mundua zur et alur utzi zuten Manchester United talde indartsuari 2 eta 3 irabazita. Europa Leagueko final zortzirenetako joaneko partida zen.
-
Athleticen jokalariak gol bat ospatzen. Efe.
Gaur urtebete da Athleticek Old Trafforden garaipena lortu ezezik erakustaldia ere eman zuela. Europa Leagueko final zortzirenetako joaneko partida zen, eta zurigorriek joko izugarria egin zuten, 2-3 irabazita.
Egun handia izan zen 2012ko martxoaren 8an, Manchesterreko kaleak zurigorriz jantzi ziren: Athleticeko 8.000 zalek Europako lehiaketa batean izandako zaleen mobilizaziorik handiena egin zuten, final handietan izaten dena kenduta.
Goizeko lehen ordutik, bilbotarrek Manchesterreko kaleak hartu zituzten. Garraio mota guztiak erabili zituzten Ingalaterrara bidaiatzeko: batzuek Bilbao-Manchester hegaldi zuzena hartu zuten; beste batzuek, Europako zenbait aireportuta eskala egin behar iza zuten bidaia merkeago egiteko. Izan ziren ere bidaia autoan eta autobusez egin zutenak; itsasontzia ere hartu zuten beste batzuek, eta ondoren trena edo autobusa buruan bueltaka zuten lekura iristeko: Manchesterrera, alegia.
Hiriko kale nagusiek kolore zuri-gorria hartzen joan ziren orduek aurrera egin ahala, eta Athleticen milaka zaleei esker, jai giroa izan zen nagusi egun osoan. Manchesterreko biztanleek primeran hartu zituzten bisitariak, eta Polizia ere zaleen argazkietan agertzeko prest agertu zen.
Jai giroa eta laguntasuna nagusi, Old Traffordera joateko ordua iritsi zen, 'Ametsen Antzoki' ospetsura. 21:00etan puntuan bi taldeetako jokalariak berdegunera atera ziren, Europa League txapelketako ereserkiaren doinuekin.
21:05ean partida hasi zen, futbol zelaiko alde oso bat 8.000 zale zuri-gorriz beteta zegoela. Ikustekoa. Gainontzeko lekuetan ere baziren Athletic zaleen taldetxoak, sakabanatuta, izan ere, jende askok Manchesterren webgunean erosi zituen sarrerak.
Zurigorriak bikain ari ziren futbolean, bete-betean asmatzen ari ziren, eta zaleen animoak etengabeak izan ziren. Giroa sekulakoa zen. Baina ezustekoak futbolean ohikoak izaten dira eta oraingoan ere izan zen ezustekorik: Rooneyk 1-0ekoa egin zuen 22. minutuan. Baina jokalariek eta zaleek ez zuten amore emateko asmorik eta Llorentek banakoa egin zuen 44. minutuan. Atsedenaldia iritsi zen, eta gau handietako giroa arnasten zen Old Trafforden. Eta oraindik, onena iristeke zegoen.
Bigarren zatian, zurigorriek errepaso galanta eman zioten United-i, mundu osoa zur eta lur utzita. De Marcosek 1 eta 2koa sartu zuen 72. minutuan eta Muniainek 1 eta 3koa 89. minutuan. Athleticen zaleak zoratu egin ziren.
Bielsaren mutilak, jaun eta jabe Old Trafforren
Manchesterrekoak, aldiz, mutu geratu ziren. Euren taldeak zeresan gutxi zuen zelaian, eta harmailetan ere Bilbotik etorritakoen kantuak ziren nagusi. Rooneyk, ala ere, izua sortu zuen berriro penaltiz 2 eta 3koa eginda, baina beranduegi zen zurigorrien balentriari buelta emateko. Ametsa gauzatu egin zen, non eta 'Ametsen Antzoki' mitikoan.
Eta amets onekin gertatu ohi den bezala, inork ez zuen montuak ihes egitea nahi, eta zaleei kosta egin zitzaien futbol zelaitik ateratzea. Egun handia izan zen, zale eta jokalari zurigorrien oroimenean betirako iraungo duen horietakoa.