Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Ustekabeko derbia aulkietan

Erredakzioa

Montanier kinka larrian egon da luzaroan, baina Bielsa baino egoera hobeagoan heldu da derbira. Frantziarrak egoerari buelta eman dio eta Rosarioko entrenatzailea ez da ondo pasatzen ari.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Gaur San Mamesen ustekabeko euskal derbia biziko da bi taldeetako aulkietan; izan ere, Philippe Montanier Marcelo Bielsa baino egoera hobeagoan heldu da, nahiz eta luzaroan kinka larrian izan eta kritika gogorrak jaso Donostian. Rosarioko entrenatzaileak ez du oraindik txisturik entzun, nahiz eta Athleticen denboraldia orain arte nahiko kaskarra izan.

Iragan denboraldian zale txuri-urdinek Montanierren lana zalantzatan jarri zuten behin baino gehiagotan. Frantziako entrenatzailea ordezkatzeko izenak azaldu ziren, baina Montanierrek egoerari buelta eman dio eta taldea Txapeldunen Ligako postuetatik oso gertu du.

Sailkapeneko laugarren tokia hiru puntura du Realak, baina UEFAk Malaga zigortu zuen eta datorren urtean ez du Europan jokatzerik izango. Ondorioz, talde txuri-urdinak praktikan Txapeldunen Liga puntu bakarrera du.

Bielsa 'zoroa', aldiz, ez da batere ondo pasatzen ari, nahiz eta iaz denboraldi gogoangarria egin. Talde zuri-gorriak joko bikaina eta bi final jokatu zituen, eta Old Trafforden garaipen historikoa lortu zuen.

Arrakasta horietan parte hartu zuten jokalariek, besteak beste, Javi Martinezek, Fernando Llorentek eta Fernando Amorebietak alde egitea erabaki dute eta talde zuri-gorriak nabaritu du.

Gainera, kirol esparrutik at polemika ugari izan dira Bilbo aldean, Bielsa bera tartean egon delarik. Jokalari garrantzitsuak lesionatu dira aurten (Iraola, Herrera, Iturraspe) eta beste batzuek ez dute mailarik eman (Muniain, Iraizoz, De Marcos, Susaeta). Horrela, Athletic ia eriondo dago eta xelebrea badirudi ere etorkizuna donostiar baten eskuetan dago: Aritz Aduriz.

Erasoan Adurizek taldekideen laguntza falta du gola egiteko orduan (De Marcos, Susaeta, Herrera eta Muniain) eta Athleticen aurkariek abagune gutxi behar dituzte talde zuri-gorriari gola sartzeko, nahiz eta bilbotarrek beti arerioak baino aukera gehiago sortu.