Itxi

Athletic Club

Athletic-Reala

Euskal derbiak San Mames mitikoari agur esango dio gaur

Erredakzioa

Talde txuri-urdina euforiko helduko da derbira, Europako postuetan. Athletic, aldiz, denboraldi kaskarra egiten ari da eta lur jota dago.

  • San Mames. Argazkia: EFE

    San Mames. Argazkia: EFE

Reala denboraldiko sasoi onenean helduko da San Mameseko derbira, Europako postuetan murgilduta, eta Txapeldunen Ligatik oso hurbil. Athletic, bestalde, burumakur dago zuri-gorrien denboraldia uste baino kaskarragoa izaten ari baita. San Mames zaharrak azkeneko euskal derbia hartuko du.

Katedrala denboraldi bukaeran behera botako dute, eta ondoan San Mames estadio berria eraikitzen hasi da Bilboko kluba.

Partida historikoa izango da, baina hori alde batera utzita Athleticek puntuak bai ala bai behar ditu, denboraldi kaskarra iraultzen saiatzeko. Bielsaren mutilek 26 puntu lortu dituzte 24 jardunalditan, eta jaitsiera postuak oso hurbil dituzte (6 puntura).

Jarraian bi porrot gogor jaso ditu Bizkaiko taldeak, eta batez ere San Mamesen Espanyolen aurka jasotako 0-4koak min handia egin zien zuri-gorriei. Egoera iraultzeko derbia irabaztea hil edo bizikoa da.

Defentsan baja garrantzitsuak ditu Athleticek Borja Ekiza eta Carlos Gurpegi lesionatuta baitaude. Gainera, Oscar De Marcos eta Iker Muniain minduta daude, eta azken ordura arte zalantza izango dira.

Gaizka Toquerok Guardiako jokalariaren postua hartu dezake erdialdean, eta Ibaik Iker Muniainen ordez joka dezake ezker hegalean.

Reala Europa Ligako postuetan dago, eta Txapeldunen Ligako postuak oso gertu ditu. Gainera, San Mamesen jokatu dituen azkeneko zortzi partidetan puntu bakarra soilik batu du.

Philippe Montanierrek jokalari guztiak jokatzeko prest ditu, eta Estrada eta David Zurutuza Cadamuroren eta Jose Angelen ordez sartu ditu, deialdian.

Frantziarrak hiru derbi jokatu ditu Athleticen aurka, baina soilik bat irabazi du. Montanierrek hiru puntuak lortzeko "partida borobila" egin beharko dutela azpimarratu du.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Raul; Iraola, San Jose, Laporte, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Ibai Gomez.

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Bergara, Illarramendi, Prieto; Griezmann, Vela eta Agirretxe.

Epailea: Undiano Mallenco (Nafarroa).

Estadioa: San Mames.

Ordua: 21:30ean