Itxi

Athletic Club

1-0, Rosaledan

Zuri-gorriek ezin izan dute punturik lortu

Erredakzioa

Malagak garaipen erosoa lortu du etxean (1-0), Saviolak lehenengo zatian egindako golari esker. Raulek partida ona jokatu du atean, baina Athleticek akats gehiegi egin ditu erasoan.

  • Saviola gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Saviola gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek bigarren porrota jarraian jaso du, Malagaren aurka (1-0), eta  Bielsaren mutilek sailkapenean atzerapauso handia eman dute. Neurketako gol bakarra Saviolak egin du, 18. minutuan, zuri-gorrien defentsako akats argia ondo aprobetxatuta. Bilboko taldeak gol aukera ugari izan ditu, baina Willy Caballerok erakustaldia eman du ate azpian.

Zuri-gorriek indartsu hasi dute norgehiagoka erasoan, eta Gurpegik aurreneko gola egiteko abagune ederra huts egin du (1. minutuan). Andosillakoak langa gainetik errematatu du. Pixkanaka, Malaga agintzen hasi da, eta Athleticek defentsan asko sufritu du. Raulek Antunesen jaurtiketa desbideratzea lortu du, baina Saviolak 1-0ekoa jarri du markagailuan (18. minutua). Bielsaren mutilek akats argia egin dute defentsan, eta Argentinako aurrelariak erraz gainditu du Raul.

Manuel Pellegriniren mutilek bigarren gola egiteko abagune ugari izan dituzte, baina Raul sendo egon da ate azpian. Gurpegi lesionatu egin da 25. minutuan, eta San Jose zelairatu behar izan du Marcelo Bielsak. Athleticen abagunerik onena Adurizek izan du, 33. minutuan, baina Caballerok gelditu ikusgarria egin du. Atsedenaldira, Andaluziako taldea 1-0 aurretik joan da.

Bigarren zatiko aurreneko minutuetan Malagak gogor sakatu du erasoan, eta Raulek gelditu erabakigarriak egin behar izan ditu. Marcelo Bielsaren mutilek apurka gehiago presionatu dute, baina Caballerok oso sendo jarraitu du atean. Argentinako atezainak Ibairen saiakera desbideratu du (55. minutua), eta jarraian, Raulek beste gelditu erabakigarri bat egin behar izan du, Piazonen jaurtiketa desbideratzeko.

Ibai Gomezek beste aukera argi bat izan du, 79. minutuan, baina Caballerok erantzun paregabea eman du. Malagako taldeak bigarren gola lortzeko abagune onak izan ditu, baina Joaquinen eta Santa Cruzen jaurtiketak kanpora joan dira. Norgehiagokako azkeneko abagunea Ibais izan du, falta jaurtiketa batean, baina Caballerok gelditu bikaina egin du.

- Fitxa teknikoa:

1 - Malaga CF: Caballero; Sergio Sanchez, Lugano, Weligton, Antunes; Portillo, Piazon (Joaquin, 81. minutua), Camacho, Isco; Baptista (Toulalan, 58. minutua) eta Saviola (Santa Cruz, 58. minutua).

0.- Athletic: Raul Fernandez; Iraola, Gurpegui (San Jose, 26. minutua), Laporte, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos (Llorente, 65. minutua), Ander Herrera, Susaeta; Ibai Gomez eta Aduriz.

Gola: 1-0, 18. minutua: Saviola.