Athletic Club
Prentsaurrekoa
Horrela egingo da San Mames berriko eserlekuen lekualdaketa
Erredakzioa
Athleticeko presidenteak zelai berrian jesarlekuak esleitzeko irizpideen berri eman du, eta prozesuko irizpide nagusienak baliokidetasuna eta antzinatasuna izango direla azpimarratu du.
Josu Urrutia Athleticeko presindenteak prentsaurrekoa eskaini du Ibaiganen, San Mames estadio berrian jesarlekuak esleitzeko irizpideen berri emateko.
Josu Urrutiak argi utzi du prozesu "gardena" egingo dutela. Gainera, bazkideen ehuneko ehuna ez dela pozik geldituko ere azpimarratu du. "Estadio berria ezberdina da. Orokorrean ikuspegiak hobeak dira, baina salbuespenak egongo dira", esan du presidenteak.
Jarlekuak esleitzeko aurreneko irizpidea baliokidetasuna izango da. "Lekualdaketa baliokidetasuna ahalik eta gehien mantentzen egingo dugu", esan du Urrutiak. Tokiz aldatu nahi duten bazkideak lekualdatzeko, aurreneko irizpidea antzinatasuna izango da, eta hiru zerrenda egingo dira.
Lehenengo zerrendan tokia aldatu nahi duten bazkideak sartuko dira. Bigarrenean, tokia aldatu eta bazkide berriekin batu nahi dutenak sartuko dira, eta lehentasuna antzinatasunaren arabera izango da. Hirugarren zerrendan, soilik bazkide berriak sartuko dira.
Gainera, Josu Urrutiak datorren denboraldian salbuespenak izango direla azaldu, oraindik estadio ez baita guztiz eraikita egongo (hegoaldeko tribuna eraiki gabe). Bertako bazkideak lekualdatzeko irizpidea antzinatasuna izango da.
Urrutiak eta Aldazabalek Athleticentzat "historikoa" izango dela esan dute, eta kluba prozesu berdinak jasan behar izan zituzten beste taldeekin harremanetan jarri zela (Espanyol, Arsenal...). Gainera, Alvin Roth Matematiketako Nobel sarituarekin ere harremanetan jarri ziren Athleticeko zuzendariak.
Bizkaiko klubak, une honetan 43.400 bazkide ziurtatuta ditu 53.000 jarleku dituen estadio berrirako. 36.000 bazkidek San Mames zaharrean eserlekua dute, eta 7.800 estadio berrirako bazkide ‘barriak’ dira.
Prozesua, astelehenean, otsailaren 18an irekiko da, Euskalduna Jauregian egingo den Ezohiko Batzarrean. Hala ere, bazkideek asteazkenean, otsailaren 20an, ekin ahal diote prozesuari, Athleticen web orrialdearen bidez, edota estadioaren lekualdatzerako klubak jarriko duen egoitzan. San Mames berriko lanak erritmo onean doaz, eta epeak betetzen ari dira.
Horrela egingo da San Mames berriko eserlekuen lekualdaketa (Athletic Club)